Garraitz irlaren historia berreskuratzen hasi dira Lekeition
Garraitzen komentua eraikitzeko baimena eman zuteneko 400. urteurrena ospatu dute, ekintza bereziagaz. Irlak interes historiko eta arkeologiko handia duela diote adituekLekeitioko herriak eta parrokiak frantziskotarrei Garraitz irlan komentua eraikitze...
Garraitzen komentua eraikitzeko baimena eman zuteneko 400. urteurrena ospatu dute, ekintza bereziagaz. Irlak interes historiko eta arkeologiko handia duela diote adituek
Lekeitioko herriak eta parrokiak frantziskotarrei Garraitz irlan komentua eraikitzeko baimena eman zieteneko urteurrena ospatzeko ekintza egin zuten barikuan, Lekeition. 400 urte atzerago egin modura, Lekeitioko eleiz, udaleko eta kofradiako ordezkariek, herritarrek eta Ispasterko eta Mendexako alkateek parte hartu zuen Lekeitioko Atabaka kultur elkarteak antolatutako ekintzan.1617. urteko uztailaren 7ko gertaerak antzeztu zituzten; parrokiako sakristian batu ziren lehenengo, eta moilan zehar, Garraitz edo garai hartan ezagutzen zen modura, San Nikolas irlara joan ziren, komentua egiteko baimena eman zieteneko akta irakurtzera.
Txistularien atzetik egin zuten ibilbidea, eta komentua egon zen aztarnetan irakurri zuen akta Clemente Lopez eskribauaren paperean sartu zen Atabaka elkarteko Josu Erkiaga Atila-k.
Irla aztertzen
Duela pare bat urtetik, Garraitz irla aztertzen ari da Atabaka elkartea, Aranzadiko Alfredo Morazaren laguntzagaz. Irlak interes historiko eta arkeologiko handia duela diote, eta historia hori herriratu nahi dutela azpimarratu zuen Guillermo Ruiz de Erentxun historialari eta Atabako kideak. Eta «irlagaz lotutako historia modu atsegingarrian zabaltzeko» helburuagaz egin zuten barikuko ekitaldia.
Historiaren zabalpenaz gain, ondareagaz lotutako ekintza zuzenagoak ere antolatzen ari dira, jendeak zuzenean parte hartu ahal izateko auzolanak, besteak beste. «Azken urteetan irla leku basati bat izan da, baina irla horrek 500 urtetan beste erabilera batzuk ere eduki ditu, erlijioso, zibil zein militarrak, eta jakina, natura aldetik ere oso aberatsa da», azaldu zuen Ruiz de Erentxunek.
Lanean jarraitzeko asmoa
Bestalde, irlako ondare historikoa ez dela bat ere ondo zainduta egon kritikatu zuen Atabako kideak. «Eta merezi duen lekua dela uste dugu».
Uda honetan ere, lanean jarraituko dute Atabaka elkartekoek eta Aranzadikoek. Lau eguneko auzolana egingo dute.