Etxanizek eta Saizarrek irabazi dute I. Helduen Trikitixa Txapelketa
Etxebarriko Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña bigarren gelditu ziren. 1991. urtetik ez zen egiten helduen txapelketarik. Animatzeko gogoz egon zen publikoaXabier Etxaniz Aizpurutxo soinu jotzaile azkoitiarrak eta Ainara Saizar pandero jotzaile aia...
Etxebarriko Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña bigarren gelditu ziren. 1991. urtetik ez zen egiten helduen txapelketarik. Animatzeko gogoz egon zen publikoa
Xabier Etxaniz Aizpurutxo soinu jotzaile azkoitiarrak eta Ainara Saizar pandero jotzaile aiarrak irabazi dute Markina-Xemeingo Helduen I. Trikitixa Txapelketa. Hamar urte eta gero, Etxaniz berriro aurkeztu da trikiti txapelketa batera, eta txapela jantzi zuen. Etxebarriko Mirari Azkune gelditu zen bigarren Aintzane Agirrebeñagaz bikotean, eta hirugarren saria Leire Zumetarentzat eta Amaia Arzarentzat izan zen.Arrakasta handiz ospatu zen zapatu gauean Markina-Xemeingo Trikitixa Txapelketa. 1991tik ez da 22 urtetik gorakoen trikiti txapelketa nagusirik antolatu Euskal Herrian, eta pankarta eta guzti eta animatzeko gogoz zegoen publikoa. Girorik ez zen falta izan Markina-Xemeinen, ez txapelketaren aurretik, ez bertan txapelketan, ez eta ondoren ere. Epaia erabaki bitartean ere espontaneo bikote pare bat atera ziren oholtzara, jaialdia girotzeko asmoz.
Hamar bikote
Azkenean, hamar bikote igo ziren Pilotaren Unibertsitateko kantxan ezarri zuten oholtzara, eta hiru pieza jo zituzten trebetasun handiz.
Txapelketa antolatu duen jai batzordeak azaldu zuenez, bost epaile zituzten lotuta txapelketa epaitzeko: bi trikitixa epaitzeko, bat ahotsa epaitzeko, beste bat dantzagarritasuna epaitzeko eta beste bat panderoa epaitzeko. Baina bata dela eta bestea dela, nahikoa estu ibili zirela esan zuten: batzuk azken astean atzera bota ziren, eta azkenean, bi epaile baino ez ziren egon. Hala, Rakel Pujana eta Mikel Consuegra markina-xemeindarrak osatutako epaimahaia ezkutuan egon zen amaierara arte. Azaldu zutenez, tarte gutxiko aldeagaz geratu ziren bikoteak puntuetan, eta erabakia hartzea oso gaitza izan zen. «Lehenengo urtea izan da, eta hemendik aurrera hobeto antolatzen ahaleginduko gara», azpimarratu zuten jai batzordeko kideek.