Bermeoko Udalak
herrian jarduera fisikoa sustatzeko plan bat egin du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailagaz elkarlanean. Plan horren baitan
30 ekintza aurreikusten dira, horietako bat da barikuan aurkeztu zituzten
ibilbide osasuntsuak. Hain zuzen ere,
hiru ibilbide diseinatu dituzte: Lamera, Itsas-Gane eta Landabaso.
Bermeoko Udaleko eta Osasun Saileko ordezkariak, ibilbide osasuntsuen aurkezpenean
Lamera ibilbidea 1,9 kilometrokoa da, eta 23 minututan egin daitekeela azaldu dute.
Itsas-Gane ibilbidea, berriz, 35 minutukoa da,
2,9 kilometro ditu. Hirugarren ibilbidea,
Landabasokoa, luzeena da;
3,5 kilometro ditu eta 42 minututan egiteko modukoa da.
Hiru ibilbideak
seinaleztatuta daude, eta zailtasunaren maila ere adierazten da (oso erraza, erraza edo zaila).
Adin guztietako pertsonei zuzenduta daudela azaldu dute, baina,
bereziki, kirol arloan mugak dituzten horiei begira egin dituztela diote, “adinagatik edota ezintasunen bat izateagatik”.
Herrian bertan paseatzeko aukera ematen duten ibilbideak dira, malda gutxikoak, “jarduera fisiko baxua baina jarraikorra bermatzen dute”. Horregatik, diotenez, herritar gehienek jarduera fisikoa egiteko oinarrizko tresna modura erabili ditzakete.
Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek esan duenez, “sarri esaten da ibiltzea ona dela, baina horretarako ohiturarik ez daukanari animatzeko baliabideak eta aukerak eskaintzea beharrezkoa dela uste dugu”. Ibilbide horiek jasotzen dituzten
planoak ere egin dituzte, eta
Turismo Bulegoan, Kirol Patronatuan eta Osasun Bulegoan aurki daitezke
doan.
Bermeon jarduera fisikoa sustatzeko plana, hala ere, epe luzerako plangintza bat dela azaldu dute, eta herriko arlo ezberdinetan eragina izango du: hirigintzan, azpiegituretan…
Plana egiteko, lehenengo, egoeraren diagnostikoa egin zuten. Hori egin ostean, jarduera plana zehaztu zuten, bost ildo estrategiko kontuan hartuta: azpiegiturak, hiri-plangintza, jarduera fisikoaren sustapena, sozializazioa eta kudeaketa. Horiek guztiak kontuan hartuta, 30 ekimen zehaztu dituzte. Horietako batzuk prest daudela esan dute, Bermeoko Nordic Walking gunea sortzea edota BTT ibilbideen sarea egitea, besteak beste. Bestalde, jarduera fisikoa sustatzeko planak honako ekintzak jasotzen ditu aurrerantzean egiteko: txirrinduak aparkatzeko eremua jartzea, jarduera fisikoa egitea sustatzeko azpiegitura zehatza jartzea, espaloietako zintarriak egokitu mugikortasuna errazteko, sentsibilizazio kanpaina eta tokiko osasun sarea eratzea.
Sedentarismoari aurre hartu gura diote, “sedentarismoak gaixotasunak sortzen dituelako”, diote. “Jarduera fisikoa areagotuz, biztanleria aktiboagoa lortzen da, eta horrek, osasunean eragin positiboa du”, esan du Bidegurenek. Hortaz, herritar guztiak animatu dituzte gorputzak martxan jartzera, eta ibilbide osasuntsu horiek egitera.