Xabi Barandika gernikarrak eta Ekhi Martinez gasteiztarrak 11-15 eta 10-15 irabazi zieten
Aritz Erkiaga ispastertarrari eta Unai Lekerika gernikarrari.
Harmailetan giro itzela egon zen, eta puntistek ikuskizun ederra eskaini zuten. Hiru urtez Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kantxetan jokatu gabe egon ostean, Erkiagaren jokoa bertatik bertara ikusteko ikusmina zegoen, eta hura eta
Leke ziren faboritoak. Baina, Barandikak eta Ekhik ezustekoa emateko gai direla erakutsi zuten. Biak ala biak seguru aritu ziren hasieratik, eta gernikarrak ausart jokatu zuen, bikain errematatuz. Adituen iritziz, haren profesionaletako partidurik onena izan zen.
Zapatu gaueko protagonistak.
Argazkia: Jai Alai News.
Lehen set-a berdindua izan zen 5-5 markagailura arte. Irabazleek hutsegite bat edo beste egin zuten arren, nagusi izan ziren. Bigarren set-ean bere jokoa egiten jarraitu zuten, eta Ekhi seguru aritu zen, pilota zailak eramanez. Besteak beste, Lekerikak horma-biko bi tanto lortu zituen, eta Erkiagak hainbat tanto egin zituen errebotez, baina erritmo falta igarri zitzaion, eta bere mailara ailegatzeko oraindik partiduak falta zaizkiola ikusi zen.
Txapelketako lehenengo partiduaren aurretik, baina
lagunarteko partiduagaz gozatu zuten Jai Alai frontoia bete zuten zaleek. Gonzalo Beaskoetxea VI-Amigorena eta Aimar Aldazabal-Garita bikoteen arteko norgehiagokan azken horiek nagusitu ziren (9-12 eta 7-12).
Zapatu gauean hasi zen Jai Alai frontoiak lehenengoz hartu duen txapelketa. Zapatu honetan eta hilaren 21ean jokatuko dituzte beste final laurdenak, eta final erdiak uztailaren 29an eta abuztuaren 5ean izango dira. Gero,
abuztuaren 12an lehiatuko dute
final handia.
Hain zuzen, Barandikak eta Ekhik Beaskoetxea-Irastorza eta Hormaetxea-Aldazabal bikoteen arteko partiduaren irabazleen kontra jokatuko dute final erdietan.
Grand Slam Txapelketa
Jai Alai World Tourrerako puntuagarria da, eta Jai Alai eta Jai Alive enpresetatik launa bikotek parte hartuko dute.
Kanporaketa sistema oinarri hartuta, jardunaldi bakoitzeko irabazleak pasatuko dira hurrengo fasera, eta galtzaileak txapelketatik kanpo geratuko dira.
Txapelketak
zesta eta musika uztartzen ditu, eta Lomoken Hoboken eta Twist! taldeak dira estreinaldiko gaua girotzeko ardura izan zutenak.
Beste behin zesta ikuskinaz gozatzeko desiatzen zeuden zalez bete zen Jai Alai frontoia. Argazkia: Jai Alai News.
Asteburu honetan bigarren jardunaldia
Zapatuan lehiatuko dute txapelketaren bigarren saioa.
Alde batetik, Mikel Egiguren donostiarrak eta Nicolas Etcheto lapurtarrak Jon Zulaika donostiarraren eta Gotzon Enbil zumaiarraren kontra jokatuko dute. Beste alde batetik, Paueko Jean Olharan eta Zumaiako Imanol Lopez eta Donibane Garaziko Christophe Olha eta Hendaiako Txabi Inza puntisten lehiaz gozatuko dute Jai Alaira bertaratzen direnek.
UZTAILAK 15:
- Egiguren-Etcheto vs. Zulaika-Enbil
- Olharan-Lopez vs. Olha-Inza