Ezina ekinaz egina. Hala dio esaera zaharrak, eta hala egin dute Gernikan. «Asko kostata», baina lortu dute. Grand Slam txapelketa handia hartuko du Gernika-Lumok. Zestazaleek bihar dute lehenengo hitzordua Jai Alai frontoian.
Beaskoetxea, Lopez, Egiguren, Erkiaga, Irastorza, Aldazabal, Hormaetxea, Lekerika, Etcheto, Enbil, Olharan, Barandika, Inza, Olha, Zulaika eta Ekhi. Florida (AEB) eta Mexikoko frontoietatik Gernika-Lumora. Pilotari handi eta ezagunen izenak dira, eta horiek dira bihartik abuztuaren 12ra bitartean, astebururo Gernika-Lumoko Jai Alai frontoia betetzeaz arduratuko direnak.
Grand Slam txapelketak, besteak beste, azkenaldian Euskal Herrian asko ikusi gabeak ekarriko ditu kantxara: hala nola, Erkiaga, Irastorza eta Lopez. Erkiaga ispastertarraren fitxaketa nabarmendu du, esaterako, Gernika Jai Alaik. «Bizkaitarrak ezin izan du azken bi urteetan Miamitik Euskal Herrira jokatzera etorri, baina munduko aurrelari onenetakoa dena fitxatu dugu». Irastorzak ere aurten txapelketa handiak jokatuko dituela iragarri du. Azkenik, Lopez zumaiarra Mexikotik iritsiko da bertoko partidak jokatzera.
Kanporaketa sistema. Aipatu txapelketa Jai Alai World Tour-erako puntuagarria izango da, eta zortzi bikoteren arteko lehia ekarriko du Gernika-Lumoko frontoira. Kanporaketa sistema oinarri hartuta lehiatuko dira; alegia, irabazten duenak aurrera egingo du, eta galtzen duena, berriz, txapelketatik kanpo geratuko da. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, Gernika Jai Alai enpresatik lau bikotek jokatuko dute, eta Jai Alive-etik, berriz, beste lauk. Hain zuzen, honakoak izango dira osatuko dituzten bikoteak: Gernika Jai Alai enpresatik, Hormaetxea-Aldazabal, Erkiaga-Lekerika, Beaskoetxea-Irastorza eta Barandika-Ekhi; Jai Alivetik, Olharan-Lopez, Egiguren-Etcheto, Zulaika-Enbil eta Olha-Inza.
Etxeko pilotarien maila ona azpimarratu nahi izan du Gernika Jai Alaik. Munduko txapelduna eta binakako txapelduna da, adibidez, Diego Beaskoetxea gernikarra. AEBetan eta Euskal Herrian emaitza bikainak lortu ostean, etxeko txapela eskuratzeko borrokatuko da. Beaskoetxeagaz batera, bi urtetan gorako joera izan duten pilotariak ere badira Gernikan; Unai Lekerikabeaskoa eta Xabi Barandika, kasuan kasu. Duela urte bi debutatu zuten pilotari gazte bi horiek, eta geroztik, joko maila handia hartu dute, zesta puntaren gorenengo mailan kokatuz.
Most Wins titulua irabazi berri du, esaterako, Lekerikak Dania Jai Alain, eta Mexikoko txapelketan hirugarren egin du. Zesta puntako izar berria izan litekeela uste du Gernika Jai Alaik. Barandika ere, aurrerapausoak ematen ari da Danian; azken denboraldian, hirugarren aurrelaririk onena izan da, eta Mexikoko txapelketan ere hirugarren postua eskuratu du. Halaber, alkarregaz bikote legez jokatuta, hirugarren sailkatu dira Mexikoko Fernando Diez Barroso txapelketan.
Aldazabal berriatuarra ere txapeldun handia dela erakustera etorriko da Mexikotik, bertan azpitxapeldun geratu ostean. Hormaetxea beharbada, «zaleen artean estimatuena» dela uste du Gernika Jai Alaik; behintzat, «ikusgarria, errematatzailea eta dotorea» da bermeotarra.
Biharko hitzordua. Zapatua. 21:00ak. Ordu horrek markatuko du Grand Slam txapelketaren hasiera. Etxean etxekoek. Xabier Barandika eta Unai Lekerikabeaskoa Lekerika gernikarrek zabalduko dute txapelketa handia zapatuan, Ispasterko Aritz Erkiagagaz eta Ekhi Martinez gasteiztarragaz batera. Elkarren aurka, nor baino nor gehiago ariko dira gernikar biak: Lekerikak Erkiagaz osatuko du bikotea, eta Barandikak, berriz, Ekhigaz.
Txapelketatik kanpo ere, izango da zestagaz gozatzeko aukera, horren aurretik lagunarteko partida jokatuko baitute Aimar-Garita eta Beaskoetxea IV-Amigorena bikoteek.
Kirolerako aukera baino gehiago eskaini dezake frontoiak; musikagaz gozatzeko beta, esaterako. Hala izaten da, behintzat, Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian. Eta bihar ere, ez du hutsik egingo musika giroak. Horretan zeresan handia edukiko dute Lomoken Hoboken eta Twist! taldeek; horien emanaldiek girotuko baitute partiduen aurreko eta osteko giroa zapatuan.
Gernika Jai Alai enpresa lanean hasi zenetik, kirola jaialdi ere bihurtu da: hala, zesta punta oinarri, giro apartaz gozatzeko ere bertaratzen dira herritar asko eta asko zesta punta jaialdietara, Jai Alai frontoia txiki utziz. Enpresak berak azaldu duenez, «lehengo zaleak bueltatu dira eta zesta punta gertutik ezagutzen ez zuten gazteak frontoira joaten hasi dira». Halaber, zesta eskolako umeen parte hartzea ere areagotu egin dela nabarmendu dute.
Biharko, beraz, lehenengo hitzordua izango da, baina herritarrek uztailaren 15ean, 21ean eta 29an eta abuztuaren 5ean eta 12an ere izango dute zestagaz eta horren inguruan sortzen den giroagaz gozatzeko aukera. Txapelketaren lehenengo hiru asteburuetan final laurdenak lehiatuko dituzte eta ondorengo bietan finalaurrekoak. Abuztuaren 12an izango da, azkenik, final handia.