Lehen pedalkadak emango ditu bihar Lea-Artibai Klasikoa zikloturista martxak
Maila guztietako txirrindulariek parte hartzeko moduko proba antolatu du Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkarteak. Lau ibilbide egongo dira aukeran. Amets Txurruka omenduko dutePedalkadaz pedalkada Lea-Artibai eskualdea zeharkatuko dute bihar, Lea-Arti...
Maila guztietako txirrindulariek parte hartzeko moduko proba antolatu du Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkarteak. Lau ibilbide egongo dira aukeran. Amets Txurruka omenduko dute
Pedalkadaz pedalkada Lea-Artibai eskualdea zeharkatuko dute bihar, Lea-Artibai Klasikoa errepideko zikloturista martxan parte hartuko duten txirrindulariek. Era horretako probarik ez dagoela eta, maila guztietako txirrindulariek parte hartzeko moduko martxa antolatu du, estreinako, Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkarteak. Elkartasun martxa izango da, gainera; izen ematetik ateratzen duten dirua Izarbidean elkartearentzat izango da batez ere.Distantzia ezberdineko lau ibilbide egongo dira aukeran, nahi duen guztiak parte hartu ahal izateko: 43 kilometroko ibilbide motza, 70 kilometroko ibilbide ertaina, 96 kilometroko ibilbide luzea eta 110 kilometroko ibilbide oso luzea. Guzti horiek 09:00etan hasiko dira Markina-Xemeingo Plazabarripean, eta bertan izango da bai eta ere amaiera.
Lea-Artibaiko herri guztietatik igaroko da martxa, baserri bide zein errepidetik. «Bizikletan ibiltzeko eskualde ederra da. Maldak gora eta behera badagoz, baina zirkuitu oso polita izango da», nabarmendu dute antolatzaileek. Amaieran, gainera, mokadutxoa hartzeko aukera eta sariak ere egongo dira.
Omenaldia
Bestalde, gonbidatu berezia izango dute ondoan parte hartzaileek. Izan ere, txirrindulari moduan hazten ikusi zuten Amets Txurrukari omenaldi bat egin nahi izan dio Markina-Xemeingo Txirrindulari Taldeak, eta Lea-Artibaiko Klasikoko parte hartzaile izango da bera ere, lehenengo dortsala-gaz. «Bere ibilbidea goraipatzeko keinu bat egin nahi izan diogu». Gainera, Txurrukagaz ibilitako beste txirrindulari batzuk ere etorriko direla aurreratu dute antolatzaileek.
Oraindik parte hartzeko izenik eman ez duenak horretarako aukera izango du www. kirolprobak.com webgunean. Antolatzaileek azaldu dutenez, parte hartu ahal izateko izenak aldez aurretik ematea eskatu dute «proba hobeto antolatu ahal izateko».