LAB ordu osagarrien eta prekaritatearen kontra agertu da
Auto karabana egin zuen atzo Busturialdeko enpresetatik. Lea-Artibain izango dira gaur; 09:30ean Gizaburuagako Okamika industrialdean batuko diraLABeko ordezkariek ordu osagarrien eta prekarietatearen kontrako aldarrikapena eroan zuten atzo Busturialde...
Auto karabana egin zuen atzo Busturialdeko enpresetatik. Lea-Artibain izango dira gaur; 09:30ean Gizaburuagako Okamika industrialdean batuko dira
LABeko ordezkariek ordu osagarrien eta prekarietatearen kontrako aldarrikapena eroan zuten atzo Busturialdeko enpresetara, Bermeon hasi eta Gernika-Lumon bukatutako auto karabanagaz. Gaur Lea-Artibaiko enpresetako langileekin egongo dira. 09:30ean Gizaburuagako Okamika industrialdean batuko dira, eta eskualde horretako zenbait herritik pasatu ostean, Ondarroan amaituko dute auto karabana.Ordu Estrarik ez! Prekarietatea borroka dezagun. Ordu estrek gazteei lana ukatzen diete lelopean, soldata duinak lortzearen eta ordu osagarriak eta prekarietatea desagertzearen beharra aldarrikatu zuten.
Enpresetan pertsona gehiago kontratatu ordez, eta soldatak jaisten edo izozten ari diren bitartean, langileen ordu osagarriak egin beharra «onartezina» dela adierazi dute, eta langileentzat ordu osagarriak «opari pozoitua» direla salatu dute: «Kapitalak langileak gogor estutzeko eta nahi duen moduan maneiatzen jarraitzeko dira».
Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak argitaratu berri dituen datuak kezkagarriak direla azpimarratu dute LABeko ordezkariek. Aipatu datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 6 milioi eta erditik gorako ordu osagarriak egin ziren 2016an (2015ean baino %36,60 gehiago). Dirutan ordu horien balioa 187,40 milio eurokoa dela azaldu dute, eta kopuru horregaz 5.300 lanpostu sortu ahal izango liratekeela.
Kapitalaren ikuspegia
«Kapitalak duen ikuspegi berekoi eta egozentrikoa ase ezina eta hondorik ez duen zakua da; zenbat eta gehiago irabazi gehiago nahi du». Horregaz batera, enpresariek ogasun publikoari «iruzur» egiten dietela salatu dute, langileen «zapalkuntzagaz» sortutako aberastasuna haientzat gordez, eta «gizarte onurari bizkarra emanez».
Beste behin langileek haien eskubideak defendatzearen, enplegua sortzearen, lan orduak murriztearen eta lana eta aberastasuna banatzearen aldarrikapenak egin zituzten atzoko agerraldian, eta «kapitalaren ekonomiaren ordez», ongizatea egunerokotasunaren erdian jartzeko eskatu zieten langileei.