Herri krosa lehiatuko dute bihar, Markina-Xemeinen
Urtero modura, Karmen jaien atarian, Atletismo Eguna antolatu dute Markina-Xemeingo Atletismo Taldeak eta Bekobenta Eskolak. Lehenengo, gaztetxoei zuzendutako abiadura probak egongo dira, eta amaitzeko, herri krosa.17:00etan hasita, 60 metro, 100 metro...
17:00etan hasita, 60 metro, 100 metro eta 600 metroko abiadura probak eta erreleboak egingo dituzte benjaminaurreko, benjamin, alebin, txiki eta kadete mailetako atletek Zelaiaren inguruan. Horrez gain, 2 kilometroko kros txikia egingo dute txikiek eta kadeteek 18:30ean hasita, eta herri krosak herria zeharkatzen duen bitartean, pisu jaurtiketa edukiko dute Zelaiko berdegunean.
16 urtetik gorakoentzako herri krosa 19:00etan hasiko da, eta guztira, 7,8 kilometro edukiko ditu ibilbideak.
Zelaiari buelta bat emanez hasiko da lasterketa, eta San Agustin kalean zehar Xemeinerantz abiatuko dira korrikalariak. Lea Artibai ikastetxearen ondotik Arretxinagarantz joango dira, eta Barroeta futbol zelaiaren ondotik igarota, Beko Benta kaletik Bolurantz hartuko dute bide gorritik Atxondo kiroldegiraino jarraitzeko. Kiroldegiari buelta eman eta Ibaibarreneta aurretik Frai Bartolome kalerantz abiatu eta Goiko Portalera sartuko dira, Zelaira ailegatzeko. Ibilbide hori guztia bi bider egin beharko dute korrikalariek Zelaiko helmugan sartu orduko.
Sari banaketa Zelaian bertan egingo da. Abiadura probetan maila bakoitzeko lehen hiru neska-mutilentzat egongo dira sariak. Pisu jaurtiketan eta erreleboetan, berriz, lehenengoarentzat egongo da garaikurra.
Izena, bertan egunean
Krosari dagokionez, bestalde, gazte, nagusi eta beteranoen mailetako lehen hiru andra-gizonek garaikurra eta diru saria eramango dituzte.
Probetan parte hartu nahi dutenek 11:00etatik 13:00etara bitartean eta 15:00etatik norbere proba hasi baino ordu erdi lehenagora arte edukiko dute izena emateko aukera.
Hala eta guztiz ere, gaztetxoen abiadura probetan zein nagusien krosean parte hartuko duten Markina-Xemeingo bizilagun guztiei izena goizean emateko eskaera egin diete antola- tzaileek. «Arratsaldean jende asko batzen da, eta lasaiago ibili eta atzerapenik ez egoteko goizean izena ematea eskertuko genieke».