Gernika Erronka nazioarteko proba hartuko du Gernikak, irailaren 24an
5 edo 10 kilometroko lasterketan, hamaika oztopo gainditu beharko dituzte parte hartzaileek. Esklerosi Anizkoitzaren Fundaziora bideratuko dute desafioko etekinen %3Hego Amerikan arrakasta handia duen nazioarteko proba lehiatuko dute Gernika-Lumon, ira...
5 edo 10 kilometroko lasterketan, hamaika oztopo gainditu beharko dituzte parte hartzaileek. Esklerosi Anizkoitzaren Fundaziora bideratuko dute desafioko etekinen %3
Hego Amerikan arrakasta handia duen nazioarteko proba lehiatuko dute Gernika-Lumon, irailaren 24an: Gernika Erronka. Oztopoak gaindituz, 5 edo 10 kilometroko ibilbidea egin beharko dute parte hartzaileek.Berorren aurkezpena egin zuten atzo, eta proba solidarioa izango dela jakitera eman zuten. Hain zuzen, proban biltzen duten diruaren %3 Esklerosi Anizkoitzaren Fundaziora bideratuko dute. Gainera, Euskal Herriak lehenengoz hartuko duen proba izango dela azpimarratu zuten.
Gernika Erronka nazioarteko proba hori Gerlarien desafioa delakoaren frankizia dela azaldu zuten atzo aurkezpen ekitaldian bildutako Jon Lejarraga Kirol Patronatuko presidenteak, Eneko Van Horenbeke Urdaibaiko arraunlariak, Pedro Carrascal Esklerosi Anizkoitzaren Fundazioko zuzendariak eta Francisco Gonzalez Gerlarien desafio-ko zuzendariak.
Bi modalitate izango ditu aukeran parte hartzaileak; alde batetik, 5 kilometroko lasterketa burutu ahalko da, eta hori egitea aukeratzen dutenek hamabost oztopo gainditu beharko dituzte; bestetik, 10 kilometroko ibilbidea egin ahalko da, horretan 22 oztopo gainditu beharko direlarik. Bata zein bestea OCR World Championship nazioarteko zirkuiturako puntuagarriak izango dira.
Gernikako Atletismo Klubaren laguntzagaz udalak antolatutako proba horretan hamaika izango dira gainditu beharreko oztopoak: burdin hesiak, lubakiak, lokatzezko igarobideak, hormak…
Gonzalezek azaldu zuenaren arabera, Gerlarien desafioak parte hartzailearen forma fisikoa zein mentala neurtzen ditu; «betiere, motibazioa, laguntasuna eta taldeko lana sustatuz».
Santa aparkalekuan hasiko den proba hori gizarte-ekimen bat dela nabarmendu zuten, «pertsonen bizitza hobetu gura duen proba delako, eta apurka-apurka gizarte aldaketak lortuko dituen tresna izango delako».
Gonzalezek aipatu du «ilusio handia» egiten diela probak; «batetik, kirol arloari dagokionez, eta, bestetik, Esklerosi Anizkoitzaren borrokaren aldeko ekarpena» egin dezaketelako.
«Guztiek egiteko modukoa»
Irailaren 24koa «esperientzia oso polita» izango dela eta, parte hartzeko deia egin dute. «Ia guztien eskura» dagoen proba izango dela esan dute; «guztiek egiteko modukoa, proba burutzeko beharrezko denbora izango da parte hartzaile batetik bestera aldatuko dena». Bakarka, lagun artean zein familian egiteko proba izango dela azaldu zuten atzo.
Parte hartu nahi duenak www.desafiodeguerreros.es webgunean eman beharko du izena.
Hala, datozen urteetan ere kirol proba hori egiten jarraitzeko asmoa agertu dute; urte bakoitzean xede sozial batera bideratutako ohiko proba bihurtu gura dute.