Garraitzeko komentuaren 400. urteurrena ospatuko dute
Atabaka kultur elkarteak antolatuta, 1617. urteko gertaerak antzeztuko dituzte. 09:30ean hasiko da ekintza sakristian, eta 10:30ean irlarantz abiatuko diraLekeitioko Garraitz irlan frantziskotarrek komentua eraiki zuteneko 400. urteurrena ospatuko du b...
Atabaka kultur elkarteak antolatuta, 1617. urteko gertaerak antzeztuko dituzte. 09:30ean hasiko da ekintza sakristian, eta 10:30ean irlarantz abiatuko dira
Lekeitioko Garraitz irlan frantziskotarrek komentua eraiki zuteneko 400. urteurrena ospatuko du bihar Atabaka kultur elkarteak. Besteak beste, 1617. urteko uztailaren 7ko gertaerak antzeztuko dituzte.Hainbat herritarrez gain, antzezpenean Lekeitioko elizako, udaleko eta kofradiako ordezkariek eta Mendexako eta Ispasterko alkateek parte hartuko dutela aurreratu dute Atabaka elkarteko kideek.
Garai hartan gertatu bezala, 09:30ean sakristian elkartuko dira aktoreak, sasoi hartako arropak jantzi eta komentua egiteko baimena eman zuteneko akta irakurtzeko. Ondoren, irlako moilaren hasierara joango dira guztiak, Itxaropena txistulari elkarteko txistulariekin batu eta moilan zehar, Garraitz uhartera abiatzeko; 10:30ean, jarri dute hitzordua.
11:00ak aldera, berriz, akta irakurriko dute irlan bertan, denen aurrean. Atabakoek azaldu dutenez, akta elizako artxiboetan aurkitu zuen Vicente Urkiza parroko ohiak. Ekitaldiagaz amaitzeko, azkenik, hamaiketakoa egingo dute Malekoiko txiringitoan.
Lau mende atzera
Biharko egunez, orain dela 400 urte elkartu ziren Hiribilduko kabildoa eta erregimentua, elizakoa zein sekularra alde batetik, eta Sologureneko Juan aita fraidea Kantabriako probintziako frantziskotar ordenaren ministro probintziala bestetik, Lekeition Frantziskotarrei San Nicolas irlan komentua egiteko baimena eman eta horretarako baldintzak ezartzeko. Sakristian elkartu ziren lehenengo, eta islara joan ziren ondoren, bertan ere akta irakurtzeko. Moilarik ez zegoen orduan oraindik, eta, horrenbestez, hondar gainetik joan ziren irlaraino.