Traktore gurpil solidarioa zapatuan ailegatuko da Markina-Xemeinera
Fibrosi kistikoaren eta minbiziaren ikerketarako dirua batzea helburu duen egitasmoa gaur abiatuko dute Irunen. Euskal Herriko zatia egiteko boluntarioak behar diraRe-vuelcate izenagaz, Fibrosi kistikoaren eta minbiziaren ikerketarako dirua batzea helb...
Fibrosi kistikoaren eta minbiziaren ikerketarako dirua batzea helburu duen egitasmoa gaur abiatuko dute Irunen. Euskal Herriko zatia egiteko boluntarioak behar dira
Re-vuelcate izenagaz, Fibrosi kistikoaren eta minbiziaren ikerketarako dirua batzea helburu duen egitasmoa gaur iluntzean abiatuko dute Irunen. Helburu horri jarraituz, traktore gurpil handi bat Irundik (Gipuzkoa) Santiagoraino (Galizia) eramango dute herritarrek, iraulita; Iparraldeko Done Jakue bidea egingo dute. Euskal Herriko zatiaren antolakuntzaren ardura Etxebarriko Antsotegi hotelekoek hartu dute. Eta aurreratu dutenez, gurpila zapatuan ailegatuko da Lea-Artibai eta Mutrikura; 20:00etan Markina-Xemeinera sartzea aurreikusten dute.Ekintza burutu ahal izateko, boluntario askoren laguntza behar dela azpimarratu dute Antsotegikoek. «Egitasmo honen atzean antolakuntza lan handia dago. Eta ekintza egin ahal izateko behar diren boluntarioak ere asko dira».
Euskal Herriko zatia Irun eta Onton (Kantabria) arteko bidea izango da, eta tarte hori egiteko 130 boluntario baino gehiagok izena eman dutela aurreratu dute. «Gutxi gorabehera bi orduko txandak antolatu ditugu. Dena dela, oraindik ere boluntario gehiago behar dira. Beraz, jendea egitasmoan parte hartzera animatzen dugu», gaineratu dute Antsotegikoek.
Zehatz esateko, Euskal Herriko zatia burutu ahal izateko beharrezkoa den boluntario kopuruaren %95 lotuta dutela esan dute. Beraz, ekintza solidarioan parte hartu nahi duten guztiak ongietorriak izango dira, eta Antsotegi hotelera deitzeko eskatu diete, 94-616 91 00 telefono zenbakira, hain zuzen.
800 kilometro
Euskal Herriko zatiaren ibilbidea ondokoa izango da: Irun, Hondarribia, Donostia, Zarautz, Deba, Markina-Xemein, Gernika-Lumo, Bilbo, Portugalete, Pobeña eta Onton.
Irun eta Santiago lotzeko 800 kilometroko bidea egingo dute boluntarioek traktore gurpila irauliz. Eta bide hori egiteko, gurpilari 80.000 buelta eman beharko dizkiotela kontatu dute. «Gurpilari emango diogun buelta bakoitzeko ikerketetarako euro bat lortuko dugu».
Lortzen den diru guztia Oviedoko (Asturias) eta Euskal Herriko bi elkarteri bideratuko dietela aurreratu dute.
Herritarrek modu askotara lagundu ahal dute: gurpilari tira eginez, diru laguntza emanez edo soilik egitasmoa elkarbanatuz. Zuzenean diru ekarpena egiteko, ondoko kontu korrontean sartu ahal da dirua: ES52-0182-5130-3302-0155-06-00 (BBVA). Kontu korronte horren titularra Francisco Linares Calvo da, 2016an sortu zen Re-vuelcate proiektuaren sustatzaileetako bat.
Agerraldia, gaur
Dena dela, egitasmoaren helburuak eta xehetasun guztiak azaltzeko agerraldia egingo dutela esan dute antolatzaileek. Hala, gaur iluntzean Irungo Ficoban prentsaurrekoa eskainiko dute. «Egitasmoa azaldu eta gurpilari lehenengo bueltak emango dizkiogu».
Gurpila bidean aurrera egiten hasten denean, ez du etenik edukiko; gau eta egun, etenik barik, biraka mantenduko dute.
Euskal Herriko zatia uztailaren 10ean amaituko da, gurpila 15:00ak aldera Ontonera ailegatzen denean. Dena den, bidean aurrera egiten jarraituko du, uztailaren 23an Santiagora ailegatu arte.