Martin Deuna ospatzen
Ohiturari eutsita, San Martin eguna ospatu zuten atzo Amoroton eta Ispasterren. Markina-Xemeingo San Martin auzoan, ostera, domekan batu ziren herritarrak.Atzo hasi eta domekara arte, San Martin jaietan murgilduta daude amorotarrak. Atzo arratsaldeko T...
Ohiturari eutsita, San Martin eguna ospatu zuten atzo Amoroton eta Ispasterren. Markina-Xemeingo San Martin auzoan, ostera, domekan batu ziren herritarrak.
Atzo hasi eta domekara arte, San Martin jaietan murgilduta daude amorotarrak. Atzo arratsaldeko Txantxuntxunen ongietorriagaz eta txupin jaurtiketagaz lehertu zen festa.Udaletxe aurreko plazan elkartu ziren herritarrak, txupin hotsa noiz entzungo zain. Berriatuarrek bota zuten pregoia. Iazko kronoigoeran parte hartu zutenetatik lauk eduki zuten txupina botatzeko ardura. Bizikletaz heldu ziren jaigunera, eta Txantxuntxun agertokitik elizako kanpandorrera heltzeko pedalak eman behar izan zituzten; horretarako, Amorotori buruzko hamaika galdera erantzun behar izan zituzten.
Txupinaren ostean, ez zen falta izan Amorotoko abestia ere. Gogoz kantatu zuten.
Gaur eta asteburuan ere hamaika ekitaldi dituzte adin guztietako bizilagunen gozamenerako. Gaur, esaterako, hirugarren adinekoen bazkaria eta arratsaldean umeentzako feria jolasak eta ikuskizun pedagokiko musikala dituzte, eta Laja eta Larrañagaren trikiti doinuen artean igaroko dute iluntzea.
Beste urte batez bariku gaueko kontzertuek jendetza erakarriko dute Amorotora. Anestesia, Zea Mays eta Skakeitan taldeak igoko dira oholtzara.
Martin Deunaren jaia
Ohitura legez, Martin Deunaren jaia ospatzeko batu ziren ispastertarrak atzo Soluane auzoko San Martin ermitaren inguruan. Eguerdian baseliza barruan meza entzun ostean, Luis Eraso berastegiarraren erakustaldiaz gozatu zuten bertaratu zirenek.
Motozerra erabiliz zenbait irudi sortu zituen. Zehatz esateko, akerra, txakurra eta loreak egin zituen, lorontzi eta guzti. Artista ederra dela erakutsi zuen gipuzkoarrak, pultsu ona duela agerian utziz. Gerizpeetan babestuta, adi jarraitu zuten haren saioa bizilagunek. Atzo egindako artelanak Santiago jaietan zozkatuko dituzte herritarren artean.
Erasok azaldu zuenez, orain dela zortzi bat urte ere Ispasterren egon zen: «Baseliza honetan ez, baina beste auzo bateko jaietan egon nintzen, orduan astoa eta karroa egin genituen lagun batek eta biok. Herri bakoitzean egiten dudana apuntatu egiten dut, beste urteren batean joanez gero, lanak ez errepikatzeko».
Berastegiarrak dozena bat urtetik gora daramatza egurrezko irudien artea lantzen. Lehenengo aizkoragaz egiten zituen askotariko irudiak.
Euskal Herriko hamaika udalerritan ez ezik, Espainiako zenbait lekutara ere joaten da sormena erakusten. «Halako irudiak egiteko berezko abilezia behar da. Hasieran lau lagun hasi ginen, eta orain bakarrik aritzen naiz herriz herri. Euskal Herria ez ezik, Espainia erdia ere pasatu dut. San Joan egunean Palentzian bi saio egin nituen, bata eguerdian eta bestea arratsaldean. Aurten Tarragonan ere egon naiz, eta urte batzuetan Toledo aldean erakustaldi asko egiten nituen».
Familian bazkaldu, eta arratsaldean Mus eta Briska Txapelketak jokatuko zituzten ermita alboko txokoan, lau erregetara.
Ermita ondoan
Eguraldia bezala, eguna igaro ahala, giroa hobetzen joan zen domekan Markina-Xemeingo San Martin auzoko jaietan. Urtero legez, San Martin kofradiak antolatuta, egun osoko jaia egon zen Martin Deunaren ermita dagoen inguru zoragarrian; ume eta nagusiak batu ziren festara.
Aita Luis Baraiazarra karmeldarrak eman zuen mezagaz hasi ziren jaiak, eta ohi duten moduan, aurreskua dantzatu zuten ondoren auzokoek eta herritarrek. Dantzak ez zuen etenik izan. Izan ere, azken urteetan bezala, dantza solte txapelketa lehiatu zen; aurten, nagusien mailakoa. Guztira, sei bikotek parte hartu zuten, denak gipuzkoarrak, eta erakustaldi dotorea eskaini zuten. Epaimahaia hiru adituk osatu zuten: Portugaleteko Ander Garitaonaindiak, Donostiako Antton Mendizabalek eta Orioko Estela Atorrasagastik. Mirari eta Aintzane trikitilariek jarri zuten doinua, eta zazpi bikoteek fandangoa eta arin-arina dantzatu behar izan zituzten.
Epaimahaiak hala erabakita, Xabier Artola (Irura) eta Idoia Besada (Pasaia) izan ziren San Martingo dantzaririk onenak, eta irabazleari dagozkien txapela, zapia eta 300 euro jaso zituzten. Bigarren egin zuten Iker Sanz lezoarrak eta Ane Urruzola villabonarrak, eta 260 euro eskuratu zituzten. Hirugarren sailkatu ziren Amets Amubietak eta Larraitz Larrañaga azpeitiarrek, berriz, 230 euro irabazi zituzten. Beste hiru bikoteei 110 euroko dieta eman zieten.
Bestalde, lau paella aurkeztu zituzten San Martingo 30. Paella Txapelketara: Danel Mujikak eroan zuen Barrenetxek emandako barazki sorta ederra.
Irrien lagunek ikuskizun berria ekarri zuten San Martinera: Euskararen Taupadak! Eta azkenik, sabelak berotzeko txokolate goxo-goxoa ere eduki zuten.
Jaietako zozketagaz amaitu ziren ekitaldiak, iluntzean. Zenbaki saritua 838 izan da, eta ordezkoa 566. Hilabeteko epea dago txartela aurkezteko.