Kulturartekotasunaren zaporeak

Gastronomia aitzaikia hartuta, jatorri eta kultura askotako gernikarrak bildu gura dituzte zapatuan, Pasealekuan. Zortzigarrenez, Munduko Arrozak ekimena egingo dute.Zortzigarrenean ere, mundu zabaleko zaporeak ekarriko ditu Munduko Arrozak ekimenak Ge...

Gastronomia aitzaikia hartuta, jatorri eta kultura askotako gernikarrak bildu gura dituzte zapatuan, Pasealekuan. Zortzigarrenez, Munduko Arrozak ekimena egingo dute.

Zortzigarrenean ere, mundu zabaleko zaporeak ekarriko ditu Munduko Arrozak ekimenak Gernika-Lumoko Pasealekura. Izan ere, zapatuan egingo dute munduko arrozen paella txapelketa.

Ideasur, Gernika Gogoratuz, Gernikatik Mundura, Astra eta Gu Gaztek bultzatuta, munduko arrozen bueltan jatorri ezberdineko gernikarrak batu gura dituzte Pasealekuan. Hartu-emanak bultzatu asmoz antolatzen dute urtero topaketa gastronomiko hori, eta herritarrak Gernika-Lumoko eta herriko auzoetako aniztasunaz jabetzea ere badu helburu.

Munduko arrozen txapelketa egiten dute urtero, eta parte hartzen duen kuadrilla bakoitzak arrozagaz egindako plater bat aurkeztu beharko du. Ondoren, jatorri ezberdineko gernikarrek osatutako epaimahaiak aukeratuko du denen artean zein den irabazlea.

Izena eman behar da

Beraz, aurten ere ahalik eta kuadrilla gehien batu asmoz, parte hartzeko dei zabala egin diete gernikarrei. Parte hartu gura duten guztiek info@gernikagogoratuz.org helbidera mezu bat bidali beharko dute, izena, harremanetarako zenbakia eta pertso- na kopurua zehaztuta.

Horretarako azkenengo eguna uztailaren 7a izango da, eta pertsonako euro bat ordaintzeko eskatu dute, antolakuntza gastuei aurre egiteko.

Beste alde batetik, taldea osatzerik ez dutenek antolatzaileekin harremanetan jar daitezke, beste talderen batean parte hartu ahal izateko.

Mahaiak eta aulkiak antolatzaileek jarriko dituzte, eta parte hartzaileek eskura edukiko dituzte arroz ekologikoa eta birziklatzeko platerak. Azken horiek euro bat ordainduta hartu ahal izango dituzte.

Jaialdia girotzeko, gainera, kultur ekimenak antolatu dituzte. Besteak beste, bertsoak, kantaldiak, dantza emanaldiak eta musika egongo dira zapatuan, Pasealekuan.