Hogei gaztek parte hartu dute Bizentaren Lumak jolasean
Bermeoko hogei gazte emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz berbetan aritu ziren herenegun arratsaldean, Talan. Hain zuzen ere, Bizentaren Lumak solas-jolasa erabili zuten gazteek, genero berdintasunaren inguruko gogoeta egiteko. Bermeoko Udalak an...
Karta jolas bat da Bizentaren Lumak; gazteak neska eta mutilen ezberdintasun egoeraz jabetu, eta errealitate hori aldatzeko tresna da, hain zuzen. Gazteen artean emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko jarrerak indartzea dauka helburu.
Talara joan ziren hiru kuadrillek hainbat istorio ezagutu zituzten. Istorioak irakurri eta aztertu ondoren, kuadrilla bakoitzak ezagututako egoera horiei aurre egiteko talde konpromisoak hartu zituzten.
Lehenengo taldearen parte hartzaile gehienak mutilak ziren, eta hurrengo herriko jaietan gona janzteko konpromisoa hartu zuten, «mota horretako egoerak normalizatze aldera».
Bigarren taldeak bere eta besteen jarrera matxistak salatzeko konpromisoa adierazi zuen, «errespetua, entzute aktiboa eta enpatia sustatuz». Modu horretan, jarrera matxisten aurrean eskua hartu eta jarrera hori duten pertsonei pentsatu eragin egingo dietela adierazi zuten.
Bestalde, sare sozialak kontrol tresna moduan erabiltzeak indarkeria mota berriak sortu dituztela gogorazita, jolasean parte hartu zuen hirugarren taldeak, sare sozialen erabilera egokia (mendekotasunik sortzen ez duena) egiten saiatuko direla adierazi zuen. «Maitasun erromantikotik kanpo, gainera, harreman osasuntsu eta askeak ahalbidetzeko, genero aurreiritziak gainditzen» saiatuko direla nabarmendu zuten.
Gazteek eguraldia lagun izan zuten, gainera. «Gustura» ibili ziren lagunekin jolasean, eta Bermeoko Udalak azaldu duenez, gazteek «oso ondo» baloratu zuten ekimena.