Esklerosi Anizkoitzaren alde bustiko dira domekan
Beste urte batez, Busti Zaitez kanpaina jarri du martxan Eugenia Epalza Esklerosi Anizkoitza Euskal Fundazioak. Aurtengoa 20. kanpaina izango da, eta domekan jarri dute hitzordua hori ospatzeko. Egun horretan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat iger...
Beste hainbat herritan legez, Lea-Artibaiko eta Busturialdeko txoko ezberdinetan ere Esklerosi Anizkoitza daukaten herritarrei elkartasuna adierazteko bilduko dira domekan; hain justu, Bermeon (kiroldegiko igerilekuan), Elantxoben (portuan), Gernika-Lumon (San Kristobal auzoan), Ibarrangelun (Laga hondartzan), Lekeition (Isuntza hondartzan), Markina-Xemeinen (igerilekuan), Mundakan (Atalaian) zein Ondarroan (Plaiko Zubi ondoan).
Toki horietan guztietan, ohiko ordutegian egongo dira elkarteko kideak, 10:00etatik 18:00etara; Mundakan, berriz, 10:00etatik 15:00ak arte egongo dira, gutxi gorabehera.
Elkartasunezko metroak
Hala, tarte horretan, Esklerosi Anizkoitzaren aldeko metroak igeri egiteko aukera izango dute hondartza eta igerilekuetara doazenek. Antolatzaileek azaldu dutenez, igeri egiten dutenek diploma bana jasoko dute, burututako metroak zehaztuta.
Halaber, kanpainaren inguruko materiala erosteko aukera ere egongo da leku horietan, eta gaitzari zein kanpainari buruzko informazioa eskuragarri egongo da, 200 boluntario baino gehiagoren lanari esker.
Adierazi dutenez, eguna bukatzerakoan, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako 80 puntutan igeri egindako metro guztiak bilduko dituzte, Esklerosi Anizkoitza pairatzen duten pertsonei elkartasun sinbolikoa adierazteko.
Busti Zaitez kanpaina Euskadiko 80 puntutara eramango dute domekan; hala eta guztiz ere, ekitaldi nagusia Getxoko Ereaga hondartzan egingo dute, 12:00etan hasita.
20 urte igaro dira lehenengoz Busti Zaitez kanpaina martxan jarri zutenetik. Barakaldoko Gorostizako igerilekuetan egiten zuen jendeak igeri, baina gerora, Bizkai, Araba eta Gipuzkoa osoan zabaltzen joan da, eta gaur egun uda sasoiko ekitaldi arrakastatsua da. 20 urte horietan euskal gizartea «zein eskuzabala eta solidarioa den» ezagutu ahal izan du Esklerosi Anizkoitzaren aldeko fundazioak, eta aurten ere, hala jarraitzeko gonbidapena luzatu dio euskal gizarteari.
Halaber, antolatzaileek herritarrei dei egin diete kanpainan gertatzen den guztia sare sozialen bitartez partekatu dezaten, eta, horretarako, #Mojate2017 traola erabiltzeko eskaera egin diete.