Errefuxiatuei laguntzeko AitaMari proiekturako diru bilketa ari dira egiten
Itsasoan noraezean dauden errefuxiatuei laguntzea helburu duen proiektua abuztuan abiatuko da Maltatik. Itsulapikoetan batutakoagaz erreskate ontzietako gastuak ordaindu gura dituztePROEM-AID eta Itsas Salbamendu Humanitarioak sustatutako Maydayterrane...
Itsasoan noraezean dauden errefuxiatuei laguntzea helburu duen proiektua abuztuan abiatuko da Maltatik. Itsulapikoetan batutakoagaz erreskate ontzietako gastuak ordaindu gura dituzte
PROEM-AID eta Itsas Salbamendu Humanitarioak sustatutako Maydayterraneo AitaMari proi- ekturako diru bilketa egiten ari dira. Itsasoan noraezean dauden errefuxiatuei laguntzeko helburua dauka proiektuak. Horretarako, salbamendu ontzien kanpaina abiarazi dute.Hala, salbamendu ontzi izenagaz ezagunak diren itsulapikoak aurki daitezke zenbait lekutan. Bermeon, esate baterako, Talako kantinan eta Balea tabernan daude honez gero. Itsulapiko bakoitzean, gutxienez, 100 jasotzea dute helburu. Diru bilketaren helburua erreskate ontziek eragiten dituzten gastuak eta mantenua ordaintzea da (tripulazioaren elikadura, erregaia…), lau hilabetean.
Abuztuaren 15ean hasiko dira lanean lehenengo txandako boluntarioak. Maltatik aterako da Maydayterraneo AitaMari proi- ektuaren baitako lehenengo ontzia. Talde horretan egongo da Jon Garcia bermeotarra. Zaporeak ekimenagaz Kios uhartean egondakoa da Garcia, bai eta Proactiva Open Arms-eko ontzian ere. Oraingoan hamabost eguneko kanpaina egingo du, eta sukaldari lanak egingo ditu erreskate ontzian.
Garcia ari da eskualdean itsulapikoak zabaltzen. Dioenez, Gernika-Lumoko Astran ere utzi gurako luke salbamendu ontzi bat. Hala ere, interesa duten horiek guztiek www.maydayterraneo.org webgunearen bitartez eskatu ahal dituzte itsulapikoak.
Proiektuagaz lotu nahi dituzten lau hilabeteek 250.000 euroko kostua daukatela diote, horietatik 50.000 euro, proiektua sustatu duten bi elkarteek jarri dituzte. Gainontzekoa lagundu gura duten norbanakoen esku dagoela azaldu dute.