Pablo Fdez. Arrietaren saioagaz hasiko da Markina-Xemeingo I. Jazz Jaialdia
Etzi hasi eta domekara arte luzatuko da jaialdia. Lau kontzertu eta 'masterclass' bat egongo dira aukeran. Jaialdia Haizea Martiartu markina-xemeindarrak itxiko duMarkina-Xemeindar batek zabaldu eta markina-xemeindar batek zarratuko du eguenetik domeka...
Etzi hasi eta domekara arte luzatuko da jaialdia. Lau kontzertu eta ‘masterclass’ bat egongo dira aukeran. Jaialdia Haizea Martiartu markina-xemeindarrak itxiko du
Markina-Xemeindar batek zabaldu eta markina-xemeindar batek zarratuko du eguenetik domekara arte luzatuko den Markina-Xemeingo I. Jazz Jaialdia; Pablo Fdez. Arrietagaz hasiko da jaialdia, eta Haizea Martiartuk emango dio amaiera. Tartean Victor de Diego bezalako jazz maisu handiaren eta musika eta dantza uztartuko dituen Bilbao Lindy Band-en emanaldiak egongo dira.Atzo goizean egin zuten jaialdiaren aurkezpena, Uhagon kulturguneko terrazan. Eta aurkezpen horretan egon ziren jaialdia antolatu duten Uhagon kultur elkarteko kideak eta jazz jaialdiari hasiera emango dion Pablo Fdez. Arrieta musikaria. Markina-Xemeingo jazz jaialdia «ilusio handiagaz» jaio dela aitortu dute antolatzaileek, eta apurka-apurka hazten joan eta inguruan erreferente kultural bihurtzea lortu nahi dute.
Aurreratu dutenez, kontzertu guztiak kulturgunearen kanpoan egingo dira, terrazan, doan. Izan ere, kontzertuak emateko ingurune aproposa dauka Uhagon kulturguneak, eta, beraz, uda partea aukeratu dute publikoak musikagaz zein inguruneagaz gozatu ahal izateko.
«Mimoz prestatutakoa»
Pablo Fdez. Arrietak azaldu duenez, «mimo guztiagaz» prestatu du Uhagoneko kontzertua. Hala, jazz musikariak batu ditu Uhagoneko kontzerturako; Markina-Xemeingo musikariagaz batera David Mengual kontrabaxua eta Carlos Sagi bateria igoko dira oholtza gainera.
Horrez gain, Carme Canela abeslaria ere batuko zaio hirukoteari. «Abeslari bat ekartzea zen ideia, eta Carme Canela etorri zitzaidan burura, niretzat jazz munduko abeslari oso ona da eta».
Pablo Fdez. Arrieta Carme Canelagaz egon da Bartzelonan, eta estandar batzuk erabaki dituzte kontzerturako. Horrez gain, bolero bat ere sortu du herriko musikariak jazzaldirako espreski, Bolero de Perico izenekoa. «Oso polita geratu dela uste dut».
Egitarau berezia prestatu dute jazz estandarra zer den ezagutzera emateko, eta kanta bakoitzaren azalpena eramango duen eskuko programa bategaz lagunduta egongo da, gainera. «Kontzertu batzuetan ematen dute eskuorri bat kantak ezagutu eta ulertzen laguntzeko, eta horrelako bat prestatu dugu». Beraz, Fdez. Arrietaren kontzertura doazenek abestien jarraipena ere egin ahal izango dute eskuorriagaz. «Ohiko hirukoa gara: gitarra, kontrabaxua eta bateria gehi Carme Canelaren ahotsa».
Estreinako aldia da Pablo Fdez. Arrietak Carme Canelagaz lan egiten duela. Ezagutzen zuen aurretik, baina bien arteko fusioa entzuteko lehen aukera izango da Uhagonekoa.
Emakumezkoen presentzia
Jazz mundua gizonezkoei alde batetik, eta instrumentuei, bestetik oso lotua dagoela ere ikusten zuten Uhagon kulturgunekoek, eta, beraz, emakumeen presentzia indartu eta abeslari bat ekartzeari bide eman diote. «Zapatuan egongo den Bilbao Lindy Band-en kontzertuan Elsa Lizundia saxofoi jotzailea ere badago eta Haizea Martiartu ere bai. Jazzaren munduan, bestalde, emakume abeslari garrantzitsuak egon dira, eta hori ere gogoan eduki dugu», azaldu dute.
Eskerrak emanez amaitu zuten aurkezpena Uhagoneko kideek. «Eskerrak nahi dizkiegu Markina-Xemeingo Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiari, Kutxabank, Kris ileapaindegia eta San Miguel garagardoei, eurek barik jaialdi hau aurrera ateratzea ezinezkoa izango litzatekeelako».