EuroCup Women 2017 txapelketaren lehenengo partidua etxean jokatuko du. Hain zuzen,
urriaren 11an La Casillan estreinatuko da talde gernikarra. Izan ere, Nazioarteko Saskibaloi Federazioak ezartzen duen gutxieneko ikusle kopurua hartzeko lekurik ez dago Malosten.
Egutegia erabakitzeko zozketa gaur egin dute Munichen (Alemania). Gernika KESBeko ordezkariek azaldu dutenez, multzo “indartsua” tokatu zaio Lointek Gernika Bizkaiari, aurkari “gogorrak” dituelako. Zehatz esateko, Spar Cityligt Gironako taldeaz gain,
Frantziako Basket Landes eta Hungariako VBW CEKK Cegled taldeen kontra jokatuko du taldekako fasean.
Girona eta Cegled EuroCup txapelketaren final zortzirenetara sailkatu ziren iaz.
Gironaren ostean, bigarren jardunaldian Cegled taldearen kontra lehiatuko da Hungarian, eta hirugarrenean Landesen kantxan jokatuko du. Laugarren jardunaldia Gironan izango du, eta azken bi partidak Bilbon jokatuko ditu Cegled eta Landesen kontra. Lointek Gernika Bizkaiaren etxeko partidu guztiak
eguaztenetan izango dira,
20:00etan.
Taldekako fase honetan multzo bakoitzeko
lehenengo bi sailkatuak pasatuko dira hurrengo fasera.
40 taldek lehiatuko dute txapelketa; launa taldeko 10 multzotan banatuta daude.
Gernika KESB-eko zuzendaritza taldeko Ana Hormaetxe eta Maite Etxandia gaur Munichen egindako zozketan.
Argazkia: Gernika KESB.
TALDEKAKO FASEKO EGUTEGIA:
- jardunaldia: Lointek Gernika Bizkaia vs. Spar Cityligt Girona
- jardunaldia: VBW CEKK Cegled vs. Lointek Gernika Bizkaia
- jardunaldia: Basket Landes vs. Lointek Gernika Bizkaia
- jardunaldia: Spar Cityligt Girona vs. Lointek Gernika Bizkaia
- jardunaldia: Lointek Gernika Bizkaia vs. VBW CEKK Cegled
- jardunaldia: Lointek Gernika Bizkaia vs. Basket Landes