Girotsu joan dira sanpedroak
Herri zein auzoetan ospatu dituzte sanpedroak Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdean; egitarau zabalez gozatu ostean, datorren urtera arte agurtu dituzte jaiak, sankristobalei lekua eginez.Girotsu joan dira sanpedroak kostaldean eta barnealdean. Eta eu...
Herri zein auzoetan ospatu dituzte sanpedroak Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdean; egitarau zabalez gozatu ostean, datorren urtera arte agurtu dituzte jaiak, sankristobalei lekua eginez.
Girotsu joan dira sanpedroak kostaldean eta barnealdean. Eta euri zaparradak egin arren, azken egunean eguraldia aldeko eduki zuten batean eta bestean.Busturialdean, Elantxoben eta Mundakan jai nagusiak ospatu dituzte, eta hainbat auzotara ere iritsi da jai giroa: esaterako, Lumora, Muxikako Ibarrurira eta Mendatako Zarrabentara. Lumon, esaterako, txapelketak, umeentzako jolasak, bertsoak, oinezko martxa, musika… izan dituzte aukeran. Ibarrurin, berriz, karramarro janaz, dantza saioez, umeentzako jolasez eta porra txapelketaz gozatu zuten. Zarrabentan, bestalde, herri bazkarian elkartu ziren herritarrak zapatuan.
San Pedro jaietan ohikoa den legez, sukalki txapelketa egin zuten zapatuan, Mundakan. Iaz baino kazola gutxiago aurkeztu dituzte aurten lehiaketara: guztira, 37. Hala ere, aurtengo gisatuen «maila ona» nabarmendu dute epaimahaikideek.
Hala, horien artean, sukalki gozoena Unai Urkidi sukaldari bermeotarrak prestatutako 37. kazola izan zen, epaimahaiaren erabakiz. Hala ere, ez ziren saritu bakarrak izan; lehen hamar kazolek hartu zuten zer edo zer.
Eguraldia lagun izan ez arren, jai giroan ospatu zuten mundakarrek zapatu goizeko sukalki txapelketa. Bazkaria egin zuten ostean, eta erromerian dantza egiteko aukera izan zuten iluntzean.
Domekan ere festetan murgilduta jarraitu zuten mundakarrek. Goizetik kaleko giroa berotu zuen txistularien kalejirak, eta arratsaldean, uretako puzgarriak, Goitibehera jaitsiera, pilota partidak eta diskofesta izan ziren, besteak beste. Portuan bota zuten azken trakagaz agurtu zituzten 2017ko sanpedroak.
Elantxoben, bestalde, barikuan hasi zuten jaia, marmitako txapelketagaz, fantasiazko makillajeagaz, puzgarri eta apar jaiagaz eta musikagaz. Eta zapatuan jarraitu zuen jai giroak, artisauen eta bigarren eskuko materialen azokagaz. Babespean, euriak ez zuen elantxobetarren gogoa busti, eta azokatik bueltatxoa egin zuten hainbatek. Arropak, bitxiak, mahonezko gonak, jaietako zapiak, oinetakoak, umeentzako arropak… Hainbat produktu ipini zituzten salgai kostako herrian. Halaber, bigarren eskuko gauzak salgai ipini dituztenak ere izan ziren: argazki kamerak, panpinak, liburuak…
Gauean, musikak girotu zuen herria, hain zuzen, The Flipping Karlomagnos eta Los 40 Elefantas Chin Shi Pirata taldeen musikak. Domekan, arraunlari eta arraunzaleak elkartu ziren kostako herri horretan, traineru estropadez gozatzeko.
Lea-Artibain eta Mutrikun
Bestalde, Lea-Artibain Ziortza-Bolibarko Arta eta Markina-Xemeingo Barinaga auzoetan eta Munitibarren, Lekeition eta Berriatuan jai giroa izan da nagusi. Eta Mutrikun ere ekintzek asteburua alaitu dute.
Munitibarren I. Artisau Azoka egin dute asteburu osoan. Eta erakusketak udaletxe aurrea eta liburutegia jantzi ditu. Gainera, herritarrek artistek lagunduta ikusi ahal izan dute azoka. Izan ere, txandaka edo binaka, artista batzuk han egon dira.
Berriatuan ere ez da girorik falta izan. Barikuan, eguraldiari aurre egin eta 60 ume inguru batu ziren San Pedro Txiki eguneko bazkarian. Anaitasuna elkartekoek azaldu zutenez, eguraldi txarra zela eta, azkenean bazkaria plazako arkupean egin ordez Mendibarren frontoian egin zuten.
Barikuan ospatu zen baita ere bertsolaritzako Berritxu Saria. Eta hori Joanes Ilarregik irabazi zuen.
Ostera antzean, zapatua eta domeka ere girotsu joan ziren.
Zapatu eguerditik aurrera atertu egin zuenez, giro ona izan zuten nagusi sanpedroetan, Barinagan. Eguerdian jokatu zuten auzoko IV. Txapel jaurtiketa, eta 30 lagun baino gehiagok parte hartu zuten norgehiagokan. Mikel Solozabal izan zen txapela urrunen bidali zuena, orain arteko marka ere hautsita. 27 metro pasatxora bota zuen.
Bildots bazkariak ere harrera ona eduki zuen. Urtero legez, frontoian elkartu ziren barinagarrak elkarregaz bazkaltzeko, 105 denetara. Idi probak ikusten ere jendetza batu zen. Hiru idi bikote neurtu ziren Barinagako probalekuan, eta Eibarko Altzubarrenek eraman zituen mantak, 56 untze egin ondoren. Gaueko Bolo txapelketa, berriz, Asterrikako Pedro Mari Guenagak irabazi zuen.