Giro aparta Zapato Azulean
XX. Zapato Azulak kolorez jantzi du Ondarroa. Eguraldiak asko lagundu ez badu ere, herritarrek zein kanpotik etorritakoek ez dute hutsik egin. Urtero legez, Manuel Eluk botatako bolanderekin lehertu da festa.Goizetik hasi zen urdinez janzten Ondarroako...
XX. Zapato Azulak kolorez jantzi du Ondarroa. Eguraldiak asko lagundu ez badu ere, herritarrek zein kanpotik etorritakoek ez dute hutsik egin. Urtero legez, Manuel Eluk botatako bolanderekin lehertu da festa.
Goizetik hasi zen urdinez janzten Ondarroako Alde Zaharra. Lehen orduko eguraldi txarrari aurre eginda, jende asko joan zen Ondarroara, eta kaleak lepo bete ziren.Txistulariek, Ttek elektrotxarangak eta Kresalako musika bandak girotu zuten goiz euritsua, jaigunera geroz eta jende gehiago iristen zen bitartean.
Dinamartxa heldu zenean ailegatu zen eguneko momenturik hunkigarriena. 200 lagun heldu ziren bizikletaz, eta 67 mendiz mendi, Tolosatik Ondarroaraino. Dinamartxa igerian egin zutenek ibilbidea moldatu behar izan zuten, eta 13:15 aldera heldu ziren Zubi Zaharrera, herritarren txalo artean.
Euskal Herriko Kamiseta Azokan ere jende ugari ibili zen, nahiz eta lehen orduan euriak jendea atzera bota zuen. Hernaniko Aiko Maiko izan zen Euskal Herriko kamiseta onenaren irabazlea, eta Radixu Irratiak eskuratu zuen, berriz, Ondarroako kamiseta onenaren saria.
Omenduak
Herriko musikari rockeroak izan dira aurten Zapato Azuleko omenduak. Baina ez soilik orain direnak; antolakuntzak rockero izandakoak, direnak eta izango direnak omendu nahi izan ditu. Beraiek izan ziren kamiseta onena irabazi zutenei eta erakusleiho onenaren saria irabazi zuen Klik Klak dendari saria ematearen arduradunak.
Arratsaldean, musika izan zen nagusi. Xabi Solano eta DZ, Ardi Baltzak, Erokomeria eta Bad Sound System taldeek eta Portuko Ranpan egon ziren Dj-ek ordu txikietaraino luzatu zuten festa.
Antolakuntzak balorazio positiboa egin du, baina aurten ere zabor gehiegi sortu dela nabarmendu du.