Unai Urkidiren kazola saritu dute Mundakan
San Pedro jaietan ohikoa den legez, sukalki txapelketa egin dute gaur Mundakan. 10:00etan hasita, kazolak prestatzen hasi dira kuadrillak, eta 13:00ak aldera aurkeztu dituzte, epaimahaikoek dastatu zitzaten. Iaz 60 kazola inguru aurkeztu zituzten mundakarrek, eta aurten 37 izan dira. Hala ere, aurtengo gisatuen maila bikaina nabarmendu dute epaimahaikideek.
Prestatutako gisatu denak probatu ostean, aurtengo kazolarik gozoena zein izan den erabaki dute. Hain zuzen, epaimahaikideen ustetan, Unai Urkidi sukaldari bermeotarrak prestatutako 37. kazola izan da lehen saria merezi izan duena. Hala ere, ez dira saritu bakarrak izan, lehen 10 kazolek hartu baitute zer edo zer.
Eguraldia lagun izan ez arren, jai giroan ospatu dute mundakarrek zapatu goizeko sukalki txapelketa. Bazkaria egin dute ostean, eta erromerian dantza egiteko aukera izango dute iluntzean, Lehian taldearen musikarekin.
Bihar ere festetan murgilduta jarraituko dute mundakarrek, eta goizetik kaleko giroa bertotuko du txistularien kalejirak. 12:00etatik aurrera, eta arratsaldean 16:00etatik aurrera, uretako puzgarriak ipiniko dituzte plazan, etxeko txikienen gozamenerako.
Arratsaldean, Goitibehera jaitsiera egingo dute, Katillotxutik behera. Sar banaketa 19.00etan egingo dute, txosnetan.
Frontoian, berriz, pilota patiduak jokatuko dituzte 18:00etan. Eta 19:30etik aurrera diskofestan ondo pasatzeko aukera edukiko dute herriko ume eta gazteek. Ostean, nagusientzako txanda izango da, 21:00etan. Portuan botako duten azken trakarekin agurtuko dituzte 2017ko sanpedroak, 22.30ak aldera.