Txupina herritar esanguratsuek botatzea gura du EH Bildu Gernikak
Jaietako txupina alkateak barik, herriko pertsona esanguratsuek botatzea proposatu du oposizioak mozio bitartez. Udal gobernuak kontran bozkatu duAurten ere, Lumon egin du Gernika-Lumoko Udalak ekaineko osoko bilkura. Zenbait mozio aurkeztu dituzte ber...
Jaietako txupina alkateak barik, herriko pertsona esanguratsuek botatzea proposatu du oposizioak mozio bitartez. Udal gobernuak kontran bozkatu du
Aurten ere, Lumon egin du Gernika-Lumoko Udalak ekaineko osoko bilkura. Zenbait mozio aurkeztu dituzte bertan; horien artean, Andra Mari eta San Roke jaietan jaurtitzen den txupinari buruzkoa. Mozio hori EH Bilduk aurkeztu du, eta bertan, Gernika-Lumoko jaietako txupina herriko pertsona esanguratsuek jaurtitzea proposatu du oposizioko taldeak.Horretarako, «Gernika Sarietan egiten den antzera, proposamenak jasotzeko tartea zabaltzea eta horiek jasotzea» iradoki zuen koalizio abertzaleak. Horrenbestez, jasotako proposamen horien artean osoko bilkurak txupina nork bota aukeratzea edota aukeraketarako ba- tzorde berezi bat sortzea ondo legokela uste du EH Bildu koalizioak.
Udal gobernuak kontran bozkatu du mozioa, ohituragaz jarraitzeko prestutasuna erakutsiz. Hala, orain artean bezala, uste du alkatea izan behar dela txupina botatzen duena, «beste hainbat herritan egiten den legez». Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroño, berriz, abstenitu egin zen bozketan, berari lotutako mozioa zelako.
Aitorpenerako unea
EH Bildukoek uste dute jai giroaz gozatzeko egunez gain, Jai Batzordeak eta bertako eragileek urte osoan egindako lana aitortzeko momentua ere izaten dela Andra Mari eta San Roke jaietakoa, eta horren adibide gisa jarri du pregoiarena: «Jai Batzordeak urtero eragile bati bere lana goraipatzeko tartea eskaintzen dio», gogoratu du. Hartara, urte horretan bereziki garrantzitsua izan den elkarteren bat zoriondu eta omentzen dute.
Pregoiagaz egiten den moduan, txupinaren kasuan ere herriko pertsona bati jaurtiketa horretan parte hartzeko aukera ematea «interesgarria» litzatekela deritzo oposizioak; «izan ere, badago herrian hainbat arlotan lan handia egin duen jendea, eta jai giro horretan goratzea polita izan daiteke».