San Pedro, landa eta itsas eremuan
Kostaldean, Bermeon eta Mutrikun, San Pedro ospatuko dute; eta landa eremuetan ere izango dute zer egin itsasgizonen zaindariaren egunaren harira; Ibarruri, Lumo eta Zarrabenta auzoetan, besteak beste.Arrantzaleen patroi nagusiaren eguna da gaurkoa, Sa...
Kostaldean, Bermeon eta Mutrikun, San Pedro ospatuko dute; eta landa eremuetan ere izango dute zer egin itsasgizonen zaindariaren egunaren harira; Ibarruri, Lumo eta Zarrabenta auzoetan, besteak beste.
Arrantzaleen patroi nagusiaren eguna da gaurkoa, San Pedro eguna, eta kostaldeko zenbait herritan santua aterako dute gaur kalera. Hala ere, San Pedro itsasgizonen zaindaria den arren, landa eremuetan ere santuaren omenezko jaiak antolatzen dituzte. Modu horretan, Busturialdeko barnealdeko zenbait auzotan ere sanpedroak ospatuko dituzte egunotan.Lumon, egitarau zabala prestatu dute sanpedroak ospatzeko. Domekara bitartean, auzotarrek txapelketak, umeentzako jolasak, bertsoak, oinezko martxa edota musika edukiko dituzte aukeran.
Muxikako Ibarruri auzoan, gaur eta zapatuan egingo dituzte ospakizunak, eta Mendatako Zarrabentan, zapatuan ospatuko dute santuaren eguna.
Ohiturari eutsita, berriz, San Pedro santua sorbalda gainean aterako dute gaur arrantzaleek Bermeon, eta Alde Zaharra eta portua zeharkatuko dituzte.
Mutrikuarrak ere San Pedro jaiak ospatzera doaz. Hala, hiru eguneko egitaraua prestatu, eta heldu zein umeei zuzendutako ekintzak antolatu dituzte. Kontzertuak, tailerrak eta ikastaroak edukitzeaz gain, slow mugimendua sustatzen duen Politki elkarteak antolatutako merkatua egongo da herritarren eskura, artisautza, gastronomia, tailer eta musikagaz.