Martin Deunaren jaia ospatuko dute Ispaster eta Markina-Xemeinen
Martitzenez dator Martin Deunaren eguna, eta jaietan murgiltzeko gogotsu daude Markina-Xemeinen eta Ispasterren.Markina-Xemeingo San Martin auzoan domekan batuko dira herritarrak. Beste behin, familian zein kuadrilletan elkartuta, egun pasa ederra egit...
Markina-Xemeingo San Martin auzoan domekan batuko dira herritarrak. Beste behin, familian zein kuadrilletan elkartuta, egun pasa ederra egiteko aitzakia izango dute ermitaren inguruan.
Umeentzat, esate baterako, jolasak eta Irrin Lagunen ikuskizuna egongo dira arratsaldean. Mirari eta Aintzane giroa alaitzen ariko dira trikiti eta pandero doinuekin egun osoan.
Meza entzun, eta ohiturazko aurreskuaren ostean, urtero legez, ikusmina sortuko du dantza solte txapelketak. Aurten nagusiena izango da, eta zazpi bikotek eman dute oraingoz izena. Bikote irabazleak txapelagaz eta zapiagaz batera, 300 euro jasoko ditu. Bigarren geratzen direnek 260 euro, eta hirugarrenek 230 euro. Sari gabe geratzen direnek 110 euroko dieta edukiko dute.
Bestalde, Paella Txapelketako lehen lau sarituei Barrenetxeren barazki sortak banatuko dizkiete. Halaber, arratsaldeko mus eta briska txapelketetarako ere sari ederrak prestatu dituzte San Martin Kofradiako kideek.
Bikote irabazleek txapelak eta 150 euro jasoko dituzte, eta bigarrenek 100 euro. Hirugarren bikote sailkatuak 80 euro irabaziko ditu, eta laugarrenak 50 euro. Parte hartzeko bikoteko 12 euro ordaindu behar dira.
Ispasterren santuaren egunean bertan izango dituzte ospakizunak. Besteak beste, motozerra erabiliz irudiak zelan egiten dituzten ikusteko aukera izango dute herritarrek. Aurreko urteetan, esaterako, dantza edota herri kirol erakustaldiak egon izan dira, eta oraingoan erakustaldi bitxia antolatu dute Ispasterko Udalaren Jai Batzordeko kideek.
Arratsaldean, lau erregetara jokatuko dituzte mus eta briska txapelketak. Briskan bikoteko 10 euro ordaindu beharko dira, eta musean, berriz, 20 euro. Sariei dagokionez, bietan txapelak eta batutakoaren %50 jasoko dituzte irabazleek. Bigarren, hirugarren eta laugarren sailkatuentzako garaikurrak egongo dira, eta hirugarren (batutakoaren %30) eta laugarren (batutakoaren %20) bikoteek diru saria ere izango dute.