Lointek Gernika Bizkaia zuzenean sailkatu da EuroCup txapelketako taldekako fasera
Talde gernikarrak, beraz, ez du aurre kanporaketarik jokatu beharko. Nazioarteko Saskibaloi Federazioak herenegun jakitera eman zuenez, 40 taldek izena eman dute EuroCup Women 2017 txapelketan, eta Euroligako beste bi taldek ere lehiatuko dute txapelketa. Hortaz, 42 taldek jokatuko dute.
Txapelketako multzoak erabakitzeko zozketa martitzenean [uztailak 4] egingo dute, Munichen (Alemania). Lau taldez osatutako hamar multzo egongo dira.
Lointek Gernika Bizkaiaren lehenengo partidua urriaren 12an izango da. Momentuz, sei partida jokatzea ziurtatuta dauka. Hiru talderen kontra lehiatuko da; talde bakoitzaren kontra joaneko eta bueltako partiduak lehiatuko ditu. Etxeko partiduak Bilboko La Casillan jokatuko ditu.
Hain zuzen ere, Lointek Gernika Bizkaiaren aurkariak talde hauetatik hiru izango dira taldekako fasean: Aluinvent DVTK Miskolc, Basket Landes, Belfius Namur Capitale, DSK Basketball Nymburk, Elfic Fribourg Basket, Flammes Carolo Basket, GDES Santo Andre, KP Brno, Nantes Reze, Peac Pecs, Reyer Venezia, Rutronik Stars Keltern, Spar Citylift Girona, TSV 1880 Wasserburg, Uni Gyor, VBW CEKK eta Virtus Eirene Ragusa.
Euskal selekzioagaz
Bestalde, Euskadiko Saskibaloi Federazioak astelehenean jakinarazi zuen IX. Barakaldo Hiria Nazioarteko Torneoa lehiatzeko Euskadiko selekzioa osatuko duten jokalarien zerrenda.
Horrekin batera, hautatzailea Mario Lopez Lointek Gernika Bizkaiaren entrenatzailea izango dela adierazi zuten, eta haren laguntzailea Txutxi Solar izango da. Lopez 2012an ere Euskadiko selekzioaren hautatzailea izan zen.
Lopezen aginduetara egongo diren jokalarien artean daude Gernika-Lumoko taldeko Naiara Diez kapitaina eta Gracia Alonso, Yaiza Lazaro eta Ane Olaeta jokalariak. Era berean, 2016-2017 denboraldira arte klub gernikarrean egon den Izaskun Garcia muxikarra (Lacturale Araskigaz jokatuko du hurrengo denboraldian) eta GDKO Ibaizabal taldeko Araia Peña gernikarra ere zerrendan daude.
Barakaldokoa hiruko torneoa izango da, eta euskal selekzioagaz Espainiakoak eta Errusiakoak lehiatuko dute. Uztailaren 7an [barikua] Espainiaren eta Errusiaren partida egongo da, 20:00etatik aurrera. Biharamunean, ordu berean, etxeko selekzioak Errusiakoaren kontra jokatuko du, eta domeka eguerdian, berriz, Euskadiko eta Espainiako selekzioen arteko partida izango da (12:00).