Aurreko urteetako San Pedro jaietan egin ohi bezala, aurten ere, Lumon egin du Gernika-Lumoko Udalak ekaineko osoko bilkura. Lumoko txokoan elkartu ziren atzo alkate eta zinegotziak, gai ordenean bildutako puntuak eztabaidatu eta bozkatzeko. Zenbait mozio ere aurkeztu zituzten, horien artean, Andra Mari eta San Roke jaietan jaurtitzen den txupinari buruzkoa.
Mozio hori EH Bilduk aurkeztu zuen, eta bertan, Gernika-Lumoko jaietako txupina herriko pertsona esanguratsuek jaurtitzea proposatzen zuen oposizioko taldeak. Eta horretarako, “Gernika Sarietan egiten den antzera, proposamenak jasotzeko tartea zabaltzea eta horiek jasotzea” iradoki zuen koalizio abertzaleak. Hala, jasotako proposamen horien artean osoko bilkurak txupina nork bota aukeratzea edota aukeraketarako batzorde berezi bat sortzea ondo legokela uste du EH Bilduk.
Udal gobernuak mozio hori, baina, kontran bozkatu zuen, ohiturarekin jarraitzeko prestutasuna erakutsiz. Hala, orain artean bezala, uste du alkatea izan behar dela txupina botatzen duena, “beste hainbat herritan egiten den legez”. Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroño, berriz, abestenitu egin zen bozketan, berari lotutako mozioa zelako.
Aitorpenerako momentua. EH Bildukoek uste dute jai giroaz gozatzeko egunez gain, Jai Batzordeak eta bertako eragileek urte osoan egindako lana aitortzeko momentua ere izaten dela Andra Mari eta San Roke jaietakoa, eta horren adibidetzat jarri du pregoiarena: “Jai Batzordeak urtero eragile bati bere lana goraipatzeko tartea eskaintzen dio”, gogoratu du. Hartara, urte horretan bereziki garrantzitsua izan den elkarteren bat zoriondu eta omentzen dute.
Pregoiagaz egiten den moduan, txupina jaurtitzeko ere pertsona bati aukera hori eskaintzea “interesgarria” litzatekela deritzo oposizioak; “izan ere, badago herrian hainbat arlotan lan handia egin duen jendea, eta jai giro horretan goratzea polita izan daiteke”.