Ilusioz gainezka, zapatuaren zain
Ondarroa Arraun Elkartekoak zapatua noiz ailegatuko zain daude, Eusko Label Ligan debuta egiteko. Ilusio eta urduritasun egunak dira: «Urduritasun puntua eduki egin behar da, ona da eta!», aitortu dute arraunlariek.Iazko arraunlari gehienak egongo di...
Ondarroa Arraun Elkartekoak zapatua noiz ailegatuko zain daude, Eusko Label Ligan debuta egiteko. Ilusio eta urduritasun egunak dira: «Urduritasun puntua eduki egin behar da, ona da eta!», aitortu dute arraunlariek.
Iazko arraunlari gehienak egongo dira aurten ere Antiguako Ama traineruan. Taldearen muina mantenduta, prest daude ligari ekiteko. Lehen aldia izango da Ondarroa Arraun Elkartea TKE ligan ariko dena, eta taldearentzat ez ezik, ia arraunlari guztientzat ere debuta izango da. Jon Iriondo entrenatzaile eta arraunlaria eta Unai Salegi eta Manuel Lasarte arraunlariak aritu izan dira bakarrik maila horretan.Duela sei uda KAE2 ligan arraun egiten zuen talde hartatik gehienek jarraitzen dute gaur egun Antiguako Ama-n, eta hori izan da taldearen eboluzioaren gakoetako bat. Arraunlariek beraiek aitortzen dutenez, «Ondarroarentzat gauza handia da» liga horretan aritzea, eta are handiagoa oraindik hainbeste herritarrek arraun egitea herriko traineruan Eusko Label Ligan: «Herriko traineruan hainbeste on- darrutar egoteak momentu zailetan indarra ateratzea dakar, arraun egiten dugun taldea gurea delako, herrikoa, maitatzen duguna».
Azpimarratu dute «taldeari ere ilusioa egiten diola herria beraiek urte osoan egindako lanaz gozatzen ikusteak». Aurreko denboraldia joan zen moduan joanda, herriak asko lagundu zion arraun elkarteari, eta berotasun hori sumatu zutela diote arraunlariek.
Iazko denboralditik hona ez dela gauza askorik aldatu nabarmendu dute; ez taldeari dagokionez, ez arraunketari dagokionez, ez eta ere elkartearen filosofiari dagokionez. Entrenamen- duak zertxobait aldatu dira, baina lan egiteko modua betikoa da. Entrenamenduen maiztasuna eta kopurua aldatu dira gehienbat, bederatzi asteburutan hamazortzi estropada jokatu beharko dira eta. Liga bera laburragoa izanda, estropada gehiago jokatuko dituzte iaz baino egun gutxiagotan .
Helburua
Arraunlariek argi daukate euren helburua zein den: «Inork nahi ez dituen 11. eta 12. postuak saihestea. Hori lortuz gero, estropada bakoitzak markatuko du hurrengorako helburua».
Helburu hori lortzeko gakoak ere argi utzi dizkie Jon Iriondo entrenatzaileak bere arraunlariei: «Entrenamendu eta estropada bakoitzean gozatzea, bakoitzak bere %100 ematea, eta gerra ematea lehen paladatik azken paladaraino».
Eta hori lortze aldera, zenbait fitxaketa egin ditu taldeak: Beñat Apraiz gernikarra, Manuel Lasarte oriotarra eta lehenago ere taldeko arraunlari izandako Aner Agirre, Eneko Azkarate eta Mikel Peña ondarrutarrak. Horiez gain, Xabat Olaetxea gaztea ere bere esanetara edukiko du Iriondok.
Talde berria izateak bere alde onak zein txarrak dauzka, kirol guztietan moduan. Arraunlarien ustez, alde txarrena esperientzia falta izan daiteke, baina horri aurre egteko modurik onena ere badaukatela aitortu dute: «Momentu zailei aurre egiteko modurik onena gure arteko giro ona mantentzea izango da».
Bidaia luzeak
Orain arte ez bezala, aurten Galiziaraino bidaiatu beharko du Ondarroak. Zortzi ordu pasatxoko bidaia furgonetaz egin beharko dute, eta horrek bakoitzaren bizitza pertsonalean eragina edukiko du. Goi mailako arraunlariak dira, baina ez profesionalak. Galiziako bidaiak egiterakoan bakoitzak ordu libreak edo kasu batzuetan egun osoa hartu behar izaten du jai lantokian.
Aitortu dute gogorra izango dela ahalegin hori egitea, Galiziatik ordu txikietan iritsi eta goizean goiz lanera joan behar izatea berriro, baina herriko trainerua defendatzeagatik hori eta gehiago egiteko prest daude.
TKE liga zelakoa izango den aurreikusten saiatzen dira egunotan, nahiz eta jakin estropada bakoitzak kokatuko duela talde bakoitza bere lekuan. «Denok dakigu talde batzuk, hiru edo lau, goiko postuetan egongo direla, baina beste guztion nondik norakoa lehen asteburuek markatuko dute».