Gazte eta adinekoen loturak indartzen

2013-2014 ikasturtean jarri zuten martxan Gazte-Nagusi programa, eta. gaur egun, Sagrado Corazon ikastetxearen hezkuntza programaren baitan dago. Astean behin batzen dira ikasleak eta egoiliarrak.Gazteek eta adinekoek elkarrengandik gauza asko ikasi ah...

2013-2014 ikasturtean jarri zuten martxan Gazte-Nagusi programa, eta. gaur egun, Sagrado Corazon ikastetxearen hezkuntza programaren baitan dago. Astean behin batzen dira ikasleak eta egoiliarrak.

Gazteek eta adinekoek elkarrengandik gauza asko ikasi ahal dituztela iritzita, aurtengo ikasturtean ere, Sagrado Corazon ikastetxeko ikasleek eta Sancti Spiritus udal zaharren egoitzako egoiliarrek aisialdiko zenbait une partekatzeko aukera eduki dute, «euren arteko loturak indartzeko».

Ikasturtea amaituta, esperientzia «oso positiboa eta aberasgarria» izan dela azaldu dute guztiek. Bermeoko Gizarte Ongizate Patronatuak eta Sagrado Corazon ikastetxeak 2013-2014 ikasturtean jarri zuten martxan Gazte-Nagusi izena duen programa. Ordutik, aipatu ekimena hezkuntza proiektuaren baitan sartu dute Sagrado Corazon ikastetxean. Ekimen horren bitartez, Sagrado Corazon ikastetxeak nagusienganako gazteen sentsibilizazioa piztu nahi du. Diotenez, «gaur egungo gizartean adinekoak gutxietsita daude, eta mota honetako jarduerek horrelako jarrerak ekiditen laguntzen dutela uste dugu».

Une dibertigarriak

Hain zuzen ere, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) laugarren mailako ikasleak dira urtero proiektuan parte hartzen dutenak.

Astean behin joaten dira ikasleak udal zaharren egoitzako egoiliarrekin egotera, eta, esan dutenez, gazteek eta nagusiek hitz egin, jolastu eta hainbat ekimen egiten dituzte elkarregaz. «Elkarrengandik gauza asko ikasten dituzte, eta, era berean, momentu politak eta dibertigarriak ere sortzen dira euren artean», azaldu dute proiektuaren arduradunek.

«Gazte eta adinekoen topaketa horien bitartez, belaunaldien arteko loturak sortzen eta lantzen saiatzen gara, elkarrengandik ikasi eta momentu politak bizitzen dituzte gazte zein nagusiek, egia bihurtuz ‘Izan direlako gara’ aspaldiko esamoldea».