Mexiko frontoian atzo jokatu zuten lehenengo jardunaldia. Barandika eta Lekerika Daniako frontoiko ordezkariek
30-14 galdu zuten
Egiguren-Lopez bikotearen
kontra.
Nazioarteko Torneoko lehen jardunaldiko beste partidua Erik-Aldazabal eta Olharan-Etxeto bikoteen artekoa izan zen, eta
Erik eta Aldazabal 30-22 nagusitu ziren.
Gernikarren partiduari dagokionez, haien aurkariek partidu hasieratik hartu zuten aurrea markagailuan. Barandikak eta Lekerikak seina berdintzea lortu zuten, baina hurrengo tantoak erraz lortu zituzten Egigurenek eta Lopezek. Esate baterako, Egigurenek eskuin-errebote eta bi pareta ederrak eskaini zituen, eta Lopezek ere erakustaldia emanda ikusleak gozarazi zituen. Hala, gernikarrei haien jokoa
frontoira egokitzea kostatu zitzaien, baina haien dohainak erakusteko aukera izan zuten zenbait momentutan.
Barandika-Lekerika eta Egiguren-Lopez bikoteak.
Argazkia: Jai Alai News.
Bestalde,
Erik Mendizabal mutrikuarrak eta Ibon Aldazabal berriatuarrak ezustekoa eman zuten atzo. Ez ziren faboritoak, baina Olharan eta Etxeto erraz hartu zituzten mendean.
Beste behin Mendizabalek jokatzerakoan erakusten duen erraztasuna ikusi zen kantxan, eta Aldazabalen segurtasuna eta errebes bikaina ere agerian geratu ziren. Aurkariak partidua irabazten saiatu ziren, baina ezin izan zuten beste norgehiagoka batzuetan erakutsi duten maila eman.
Erik-Aldazabal eta Olharan-Etxeto bikoteak.
Argazkia: Jai Alai News.
Mexiko frontoiko puntistak
Fernando Diez Barroso Nazioarteko Torneoagaz batera, Mexikoko frontoiko pilotarien arteko torneoa hasi zen atzo.
Bi partidu jokatu zituzten. Batean Aaronek eta Ekhik 15-8 irabazi zieten Sierrari eta Businellori, eta bestean Christophe-Perez bikotea 15-11 nagusitu zen Juan Leon-Osorno bikotearen kontra.
Jai Alai World Tour
Bestalde, aurtengo Jai Alai World Tour zirkuiturako Gernika Jai Alai taldea osatu dute dagoeneko. Diego Beaskoetxea, Alex Hormaetxea, Aritz Erkiaga eta Xabi Barandika dira aurrelariak, eta Ibon Aldazabal, Unai Lekerika, Ekhi Martinez eta Erik Irastorza atzelariak.