Saltokietan euskara sustatzeko plana martxan dago Ondarroan
Ondarroako Udalak herriko saltokietan euskara sustatzeko plana jarri du martxan.Kanpainak bi helburu nagusi dauzka: alde batetik, herritarrei euskaraz bizitzeko aukera ematea, eta beste alde batetik, euskara are gehiago erabiltzeko konpromisoa hartzea....
Kanpainak bi helburu nagusi dauzka: alde batetik, herritarrei euskaraz bizitzeko aukera ematea, eta beste alde batetik, euskara are gehiago erabiltzeko konpromisoa hartzea. Aste honetan hainbat saltoki bisitatuko ditu udalak Euskara eskaintzarik onena kanpainaren berri emateko dendariei.
Bisitetan euskararen erabilera handitzeko dauden aukerak eta laguntzak azalduko dizkie dendariei, eta hitzarmen baten bidez, zenbait konpromiso hartzera gonbidatuko dituzte.
Hitzarmena sinatzen duten dendei jarraipen bat egingo die datozen hilabeteetan udalak, eta irailean beste bisita bat egingo die, euskararekiko hartutako konpromisoen betetze maila zehazteko.
Udalak nabarmendu du hizkuntzarekiko konpromisoak maila askokoak izan daitezkeela: jendaurreko hartu-emanean, errotulazioan, paper kontuetan, publizitatean… Eta sare sozialetarako hartutako konpromisoei garrantzi berezia emango dietela nabarmendu dute udal arduradunek, «gaur egun sare sozialek jendartean daukaten eragina dela eta».
Soziolinguistika Klusterrak martxoan egindako hizkuntza azterketan ondorioztatutakoaren arabera, Ondarroan euskararen osasun egoera ona zela nabarmendu zuen Leire Beitia euskara zinegotziak maiatzaren hasieran, baina hala eta guztiz ere, udalak euskararen erabilera areagotu eta hobetu egin nahi du herrian.
Gogorarazi behar da Ondarroako gazteen %92,9ak egiten duela euskaraz, umeen %92,1ak eta helduen %72,9ak.