Kontzertu «berezi» bategaz amaituko dute denboraldia Iparragirrekoek
Aurten ez dute Rock&Rallyrik egingo, baina AEBetako Nashville Pussy eta Gernika-Lumoko The Riff Truckers rock taldeak hartuko ditu bihar IparragirrekIparragirre Rock Elkarteak azken urteetan Rock&Rally jaialdiagaz eman dio amaiera urteko denbor...
Aurten ez dute Rock&Rallyrik egingo, baina AEBetako Nashville Pussy eta Gernika-Lumoko The Riff Truckers rock taldeak hartuko ditu bihar Iparragirrek
Iparragirre Rock Elkarteak azken urteetan Rock&Rally jaialdiagaz eman dio amaiera urteko denboraldiari; aurton, baina, kontzertu «berezi» bat antolatzea erabaki dute, «jaialdia antolatzeko behar den denbora eta indar gehiegirik ez» baitute izan.Hain zuzen ere, bihar agurtuko dute rock elkartearen denboraldia Iparragirren bertan, eta horretarako, Atlantako (AEB) Nashville Pussy eta Gernika-Lumoko The Riff Truckers taldeen konpainia edukiko dute. Talde bi horiek 20:30etik aurrera igoko dira taula gainera.
Hala, AEBetako zein Euskal Herriko musikaz gozatu nahi duenak sarrera erosi beharko du. Aurretiaz erosten dutenek 15 euro ordaindu beharko dituzte, eta Gernika-Lumon (Ospa zein Arima tabernetan), Bilbon (Power Records dendan) zein Internet bidez (www.entradium.com) erosi ahalko dituzte. Egunean bertan ere erosi ahalko dira kontzerturako sarrerak 18 euroan.
Elkarteak adierazi duenez, kontzertu hori antolatzearen proposamena Noise on Tour promotorearen eskutik ailegatu zitzaien, eta horregaz aurrera egitea erabaki zuten. Izan ere, Nashville Pussy bezalako talde bat beraien artean izatea «aparteko gauza bat» dela deritze, beraien baliabideak neurtzeko baliogarri izango dena.
Rock musika estiloa lantzen du bertoko taldeak, eta egun, hirugarren diskoaren prestaketa lanetan dabil. Biharko kontzertuan abesti berririk entzuteko aukerarik egongo ez bada ere, «zuzeneko indartsu eta erakargarria» eskainiko dute. Gotzon Ereño gitarrista berriaren doinu eta ukituaz gozatzeko aukera edukiko du kontzertura doanak.
AEBetako taldeak ere arrakasta handia dauka rock munduan, 30 urtez taula gainean aritutakoa baita. Biharkoa Euskal Herrian emango duten kontzertu bakarra izango dela nabarmendu du rock elkarteak, eta aitortu du «zuzeneko paregabeak eskaintzen dituen taldea» dela, «intentsitate handiz, rock doinu gogorrak» biltzen dituen musika egiten duena.
Musika herrira zabalduz
Musika herrira zabaltzeko asmoz egiten du lan Iparragirre Rock Elkarteak, «herritarrari kultura aukera berriak eskainiz». Kontzertuak antolatzea, baina, elkartearen alde bat baino ez dela azaldu dute. Izan ere, hasieratik izan duten helburua «herriko gazte musikarien eskaerari irtenbide bat ematea izan da», eta hori lortzekotan, dituzten instalazioak hobetzeko lan egiten dute urtean-urtean. Bien bitartean, musikari lotutako proposamenak aurrera eramateaz ere arduratzen dira.
Musikak herritarren egunerokotasunean geroz-eta indar handiagoa daukala sinistuta, ikuspuntua zabaltzea «oso garrantzitsua» dela deritzote.
Aurten kontzertu gutxiago antolatu badituzte ere, rock elkartearen taula gainetik «goi mailako taldeak» igarotzea ahalbidetu dutela adierazi dute. Hala, Euskal Herriko zein kanpoko talde garrantzitsuak bildu ditu Iparragirrek aurten, «erantzun oso interesgarriagaz», gainera. Halaber, leku horretan entzun ahal izan diren musika estiloak ere askotarikoak izan direla nabarmendu dute.
Aurrera begira, beraz, kontzertu horiek gehiago izatea gura du elkarteak; betiere, talde hasiberriei zuzenekoak egiteko lekua emanez.