Iparragirre Rock Elkarteak azken urteetan Rock&Rally jaialdiagaz eman dio amaiera urteko denboraldiari; aurton baina, kontzertu «berezi» bat antolatzea erabaki dute, «jaialdia antolatzeko behar den denbora eta indar gehiegirik ez» baitute izan.
Hain zuzen, eguenean agurtuko dute rock elkartearen denboraldia Iparragirren bertan, eta horretarako, Atlantako (AEB) Nashville Pussy eta Gernika-Lumoko The Riff Truckers taldeen konpainia izango dute. 20:30etik aurrera igoko dira talde bi horiek taulagainera.
Hala, AEBtako zein Euskal Herriko musikaz gozatu nahi duenak sarrera erosi beharko du. Aurretiaz erosten dutenek 15 euro ordaindu beharko dituzte eta Gernika-Lumon (Ospa zein Arima tabernetan), Bilbon (Power Records dendan) zein Internet bidez (www.entradium.com) erosi ahalko dituzte. Egunean bertan ere erosi ahalko dira kontzerturako sarrerak 18 eurotan.
Elkarteak adierazi duenez, kontzertu hori antolatzearen proposamena Noise on Tour promotorearen eskutik ailegatu zitzaien, eta horregaz aurrera egitea erabaki zuten. Izan ere, Nashville Pussy bezalako talde bat beraien artean izatea «aparteko gauza bat» dela deritze, beraien baliabideak neurtzeko baliogarri izango dena.
Rock musika estiloa lantzen du bertoko taldeak, eta egun, hirugarren diskoaren prestaketa lanetan dabil. Egueneko kontzertuan abesti barririk entzuteko aukerarik egongo ez bada ere, «zuzeneko indartsu eta erakargarria» eskainiko dute. Gotzon Ereño gitarrista berriaren doinu eta ukituaz gozatzeko aukera edukiko du kontzertura doanak.
AEBtako taldeak ere arrakasta handia dauka rock munduan, 30 urtez taulagainean aritutakoa baita. Eguenekoa Euskal Herrian emango duten kontzertu bakarra izango dela nabarmendu du rock elkarteak, eta aitortu du «zuzeneko paregabeak eskaintzen dituen taldea» dela, «intentsitate handiz, rock doinu gogorrak» biltzen dituen musika egiten duena.
Musika herria zabalduz
Musika herrira zabaltzeko asmoz egiten du lan Iparragirre Rock Elkarteak, «herritarrari kultura aukera barriak eskainiz». Kontzertuak antolatzea, baina, elkartearen alde bat baino ez dela azaldu dute. Izan ere, hasieratik izan duten helburua «herriko gazte musikarien eskaerari irtenbide bat ematea izan da», eta hori lortzekotan, dituzten instalazioak hobetzeko lan egiten dute urtean urtean. Bien bitartean, musikari lotutako proposamen ezberdinak aurrera emateaz ere arduratzen dira.
Musikak herritarren egunerokotasunean geroz eta indar gehiago daukala sinestuta, ikuspuntua zabaltzea «oso garrantzitsua» dela deritzote.
Aurten kontzertu gutxiago antolatu badituzte ere, rock elkartearen taulagainetik «goi mailako taldeak» igarotzea ahalbidetu dutela adierazi dute. Hala, Euskal Herriko zein kanpoko talde garrantzitsuak bildu ditu Iparragirrek aurten, «erantzun oso interesgarriagaz», gainera. Halaber, leku horretan entzun ahal izan diren musika estiloak ere askotarikoak izan direla nabarmendu dute.
Aurrera begira, beraz, kontzertu horiek gehiago izatea gura du elkarteak; betiere, talde hasiberriei zuzenekoak egiteko lekua emanez.