Gernika-Lumok irabazi du Bizkaiko Herriarteko Zesta-Punta Txapelketa
Talde gernikarra 2 puntuko aldeagaz nagusitu zaio Markina-Xemeingo taldeari. Kadete, gazte eta nagusien mailetako finalak lehiatu dituzte Pilotaren UnibertsitateanIaz bezala, aurten ere Markina-Xemeinen eta Gernika-Lumoren artean lehiatu dute Bizkaiko ...
Talde gernikarra 2 puntuko aldeagaz nagusitu zaio Markina-Xemeingo taldeari. Kadete, gazte eta nagusien mailetako finalak lehiatu dituzte Pilotaren Unibertsitatean
Iaz bezala, aurten ere Markina-Xemeinen eta Gernika-Lumoren artean lehiatu dute Bizkaiko Herriarteko Zesta-Punta Txapelketa. Iaz markina-xemeindarrak nagusitu ziren, aurten, baina, talde gernikarrak lortu du garaipena, 2 tantoren aldeagatik.Final ikusgarri eta lehiatua jokatu zuten bi taldeek Markina-Xemeingo Pilotaren Unibertsitatean, bariku arratsaldean.
Senior mailako partidagaz hasi zuten finala. Maila horretan, Markina-Xemeingo Meabe eta Elkoro I izan ziren nagusi; Gernika-Lumoko Urrutxua eta Learretari 35 eta 29 irabazi zien etxeko taldeak.
Bigarren partida, berriz, kadete mailakoa, Gernika-Lumoko Aritz Arratibel eta Iñigo Undak irabazi zuten. 30 eta 22 gailendu ziren Alex Goitiaren eta Ander Olabarriaren kontra.
Banako berdinketagaz, gazte mailako azken partidan erabaki zen finala.
Gogor aritu ziren hasieratik Gernika-Lumoko Urko Lekerikabeaskoa eta Ibon Urrutxua. Hala eta guztiz ere, Markina-Xemeingo Gorka Libano eta Danel Mandiola aurkari gogorrak izan zituzten. Lehia bizia egon zen partida osoan, eta gernikarrak aurretik joan baziren ere, tanto gutxiren aldeagaz atzetik izan zuten partida osoan Markina-Xemeingo bikotea.
Lehia azken tantoraino
33 eta 29 zihoazela bazirudien gernikarrek garaipena eskuan zeukatela, baina azken tantora arte ez zuten etsi Libanok eta Mandiolak, eta jokaldiz jokaldi, 34 eta 33 egotera ere ailegatu ziren, emozioa azken tantora arte mantenduz. Gernikarrek lan handia eginez, azken tantoa bereganatzea lortu zuten, eta Herriarteko irabazleen txapelak jantzi zituzten.