Dina Bilbao, kirolean aintzindari
20 urte bete dira Dina Bilbao ondarrutarra Karibe itsasoko uretan desagertu zela. Kirola, natura eta abentura uztartu zituen ondarrutarrak. Horregaz lotuta, aurten 20. Dinamartxa egingo da.1997. urteko ekainaren 24an desagertu zen Dina Bilbao ondarruta...
20 urte bete dira Dina Bilbao ondarrutarra Karibe itsasoko uretan desagertu zela. Kirola, natura eta abentura uztartu zituen ondarrutarrak. Horregaz lotuta, aurten 20. Dinamartxa egingo da.
1997. urteko ekainaren 24an desagertu zen Dina Bilbao ondarrutarra Karibe itsasoko uretan, Iñigo Ross Iztueta euskal-antiguarragaz batera, Grenadako uhartetik Antiguara itzultzen ari zirela. Ekaitz gogor batek ezustean harrapatu zituen. Bi urte zeramatzan Antiguako irlan bizitzen, eta 36 urte zituen. Erreskate taldeek itsasontziaren zati batzuk aurkitu bazituzten ere, beraien arrastorik ez zuten aurkitu. Bi omenaldi xume bezain hunkigarri egin zizkieten Ondarroako eta Tolosako lagunek, lehena Saturrarango hondartzan, eta biharamunean, Tolosan. Ordutik, lagunak jarri eta zaindutako oroigarri polita dago Akilla gainean, «talaieroen» antzera uneoro itsasoari begira.1960ko abenduaren 31n jaio zen Bilbao. Kamiñazpi auzoan igaro zuen bere haurtzaroa. Garai hartako haur guztiek bezala, bere lagunekin ia egun guztia kalean egoten zen, sasoian sasoiko jolasetan eta zenbait kiroletan arituz. Pertsona eta lagun ona izateaz gain, lasaia, alaia, hitz jario goxokoa, guztiekin ondo eramaten zena zen. Irrifarre zabalekoa.
20 bat urte zituela abiatu zen Tolosara bizitzera. Laster bilatu zion bere bizitzari zentzua, eta bizimodu berezi bezain ez ohikoan, kirola, natura eta abentura uztartu zituen. Beste herrialdeetako ohitura, kultura, hizkuntza eta kezken inguruko jakinminak mundu guztian zehar egin zituen bidaiei eta abenturei zentzua eman zien. Izugarrizko grina zuen bidaiatzeko. Asko ziren egindako bidaiak, bata bestea baino bereziagoak, eta batzuk gogoratzeagatik, Nilo ibaia piraguan jaitsi zuen, Andaman irletan arraunean egin zuen, Groenlandia eskiekin zeharkatu zuen, izozteko zorian egon zen Kanadako Yukonen, Cabo Nortera joan zen bizikletan, Artikotik Tropikora espedizioan parte hartu zuen…
Ekologista eta feminista
Naturarekiko errespetua eta maitasuna ere azpimarratzekoak ziren bere ezaugarrien artean, eta bere kirolzaletasuna bide, aitzindaria izan zen zenbait kiroletan, besteak beste, iraupeneko eskian, duatloian, udako zein neguko triatloietan, txirrindularitzan eta piraguismoan. Ehun triatloi burutu zituen, eta horietako sei Iron Man deiturikoak, gogorrenak, hain zuzen ere.
Harro zegoen emakume izateaz, eta berdintasun alorrean asko egin zuen, bai emakumeen partaidetza errotu barik zeuden zenbait kirol modalitateetan zuzenean parte hartuz, bai eta ere beste emakume asko animatuz eta laguntza eskainiz.
Dinamartxak, zapatuan
20. Zapato Azule ospatuko da asteon, eta beste behin, Dina Bilbao gogoratuz Dinamartxak egingo dira Tolosatik Ondarroara, bizikletaz zein mendiz mendi; igerian egingo duenik ere egongo da; horretan, Mutriku eta Ondarroako Zubi Zaharra lotuko dituzte igerilariek. Izena emateko epea atzo zabaldu zen, eta bihar izango da azken eguna. Musika Plazan izena eman behar da.