Arrantzaleen patroiaren omenezko jaiak
Elantxobetarrek eta mundakarrek askotariko ekintzak dituzte aukeran bi herrietako zaindariaren jaiak ospatzeko. Lagun artean zein familian elkartuta, jai giro ederra izango dute elkarregaz gozatzeko.Belaunaldiz belaunaldi errotutako tradizioari jarrait...
Elantxobetarrek eta mundakarrek askotariko ekintzak dituzte aukeran bi herrietako zaindariaren jaiak ospatzeko. Lagun artean zein familian elkartuta, jai giro ederra izango dute elkarregaz gozatzeko.
Belaunaldiz belaunaldi errotutako tradizioari jarraituz, San Pedro jaiak ospatuko dituzte datorren astean hasi eta uztaileko lehenengo asteburura arte elantxobetarrek eta mundakarrek.Beste urte batez, ohiturazko ekitaldiek eta gaur egungoek bat egingo dute sanpedroetan, adin eta gustu guztietako herritarren gozamenerako.
Tradizioari eutsiz, arrantzaleen zaindariaren egunean mezan batuko dira bi udalerrietako fededunak. Eta mezaren ostean, Gautegiz Arteagako txistulariek eta Zornotzako koralak lagunduta, kalejiran ibiliko dira Elantxoben.
Mundakan, berriz, elizatik udaletxe aurreko plazara prozesioan joango dira santuagaz, eta Lehendakari Agirre plazan ohorezkoa aurreskua eskainiko diote San Pedrori.
Bestalde, arratsaldean, Olaizola I-Otxandorena eta Aritz Lasa-Pascual pilotari profesional ohien arteko partiduez gozatzeko aukera izango dute Mundakako frontoira doazenek. Aurretik, Izaro Pilota Elkarteko gazteen arteko partida izango da ikusgai. Elantxoben ere pilota partiduak izango dira arratsaldeko protagonistak, Busturiko Pilotakiro elkartearen eskutik.
Bestalde, Mundakako sanpedroetan falta ezin den Goitibehera Txapelketa ere lehiatuko dute uztailaren 2an. Euskal Herriko Inertzia Kirolen Federazioak antolatuta, Espainiako Txapelketarako proba puntuagarria izango da. Txilipitxeruek Kultur Elkarteak antolatu du txosnetan egingo duten sari banaketa ekitaldia.
Ume eta gaztetxoentzat
Bestalde, Elantxobeko sanpedroetako egitarauari dagokionez, batik bat ume eta gaztetxoentzako ekitaldiak eta musika taldeen kontzertuak nabarmentzen dira.
Esate baterako, San Pedro Egunean, Sorgina Txirulina eta Traka Matraka musika tailerrean ederto pasatzeko aukera izango dute ume eta gaztetxoek.
Biharamunean, San Pedro Txiki Egunean ere, ez dute aspertzeko astirik edukiko: fantasia ukituko makillajeagaz apainduz, puzgarrietan salto eginez, edota apar jaian bustiz igaroko dute arratsaldea.
Musikari dagokionez, Versus taldeak joko du San Pedro Txiki Egunean, eta San Pedrotxu Egunean, The Flipping Karlomagnos eta Las 40 Elefantas Chin Chi Pirata taldeek girotuko dute gaua.
Uztailaren 2an, berriz, Elantxobeko XX. Estropadaren Bandera lehiatuz amaituko dituzte jaiak.
San Pedro Eguna Elizabarrin ospatuko dute, baina gainontzeko jaietako ekitaldiak portuaren inguruan egingo dituzte.