Udako oinetakoak batuko dituzte Bermeon errefuxiatuei bidaltzeko
Pausuz-pausu ekimen solidarioaren baitan, asteburuan, udako oinetakoak batuko dituzte Bermeon. Ekimen solidario horretan parte hartu gura duenak Goiko Plazako Kabidxe gune sozialera jo beharko du zapatuan edo domekan, 10:00etatik 14:00etara.
Batutako oinetako guztiak Greziako errefuxiatuen kanpalekuetara eroango dituzte. Azaldu dutenez, pausuz-pausu ekimenaren bitartez, neguan bost mila pare oinetako bidali zituzten Chiosera.
Pausuz-pausu ekimen partikular modura hasi bazen ere, hainbat erakunde inplikatzea lortu dute. Udako kanpainak ere, arrakasta izatea espero dute. Hala, herritar guztiak deitu dituzte parte hartzera.