Busturialdeko jazz zaleen urteroko hitzordua iristear dago. Izan ere,
ekainaren 27tik 30era izango da Jizz Jazz taldeak antolatzen duen
Jazzber jaialdia. Aurten, gainera,
hogeigarren jazzaldia izango da, eta
lau kontzerturekin dator, Jizz Jazz taldekoek ere parte hartuko baitute.
Joseba Verdes eta Aingeru Astui Jazzber aurkezten
Hala,
Jizz Jazz & Lagunak taldeak eskainiko duen kontzertuagaz emango diote hasiera datorren martitzenean [ekainak 27] Bermeoko jazzaldiari. Topaketa horrekin, gainera,
taldearen 30 urteak ospatu nahi dituzte. Urte hauetan guztietan taldeko partaide izan direnetako batzuek parte hartuko dute kontzertuan.
Jam session antzeko bat eskainiko dutela esan du Jizz Jazz taldeko kide Joseba Verdesek.
Ekainaren 28an, eguaztenean,
Leo Minax & Mistoquente taldeak hartuko du Kafe Antzokiko agertokia. Soinu akustikoaren, bat-batekotasunaren eta askatasunaren aldeko apustua egiten du Madrilen bizi den abeslari brasildarrak. Sei disko ditu, eta guztietan bere sentiberatasuna islatzen du.
Trinta izeneko azken lana aurkeztera dator Jazzberrera.
Jazzaldiaren
hirugarren egunean, Malstrom taldearen musikaz disfrutatu ahalko dute bertaratutakoek. Freejazz, esperimental, heavy-metal, rock eta erritmo korapilatsuak nahasten dituen taldea dela azaldu du Verdesek. «
Berezia eta ezberdina» izango dela esan du, «ez baita askorik entzuten». Gitarrak, saxofoiak eta bateriak osatzen dute Malstrom taldea.
Jazzber jaialdia
Claudio Jr de Rosa Jazz 4tet-ek zarratuko du aurten. De Rosa musikagile, moldatzaile eta saxofonistak hainbat nazioarteko sari irabazi ditu. Bermeora 2016an sortu zuen bandarekin dator, eta berak sorturiko doinuak eta baita estandarrak eskainiko dituzte.
Eskualdeko bakarra. Bermeoko Kafe Antzokian izango dira Kontzertu guztiak,
20:30ean hasita, eta sarrera, urtero legez,
doan izango da.
Aingeru Astui kultura zinegotziak gogorarazi duenez, eskualdean ospatzen den jazz jaialdi bakarra da Bermeokoa. «Bermeo eta inguruko herrietako jazz musika zaletuei, eta musika zaleei orokorrean, kontzertuekin gozatzeko eta jazz estiloa hobeto ezagutzeko aukera ematen die», esan du.
Modu horretan, pertsona guztiak gonbidatu ditu Jazzber jaialdian parte hartzera.