Zalloko hilerrian lurperatuta dauden 82 gudari omendu dituzte
Zapatuko ekitaldiagaz, gudarien «historia ahaztuari eutsi» nahi izan diote, eta berori gizarteratu. Gudarien izen-abizenekin osatutako bi plaka jarri dituzte hilerrianGipuzkoako Foru Aldundiak erakunde aitortza egin zien zapatu eguerdian 82 gudari et...
Zapatuko ekitaldiagaz, gudarien «historia ahaztuari eutsi» nahi izan diote, eta berori gizarteratu. Gudarien izen-abizenekin osatutako bi plaka jarri dituzte hilerrian
Gipuzkoako Foru Aldundiak erakunde aitortza egin zien zapatu eguerdian 82 gudari eta haien familiei Gernika-Lumon. «Gaurko omenaldiagaz herri honen memoria kolektiboan txertatzen dugu 82 gazte hauen eta beren familien oroimena, askatasuna eta zilegitasun demokratikoa bezalako balioen alde bizia eman zutenen bizipenak, alegia», adierazi zuen Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak.82 gudari haietatik 71 gipuzkoarrak ziren, eta haien senitarteko askok orain dela gutxi jakin dute Gernika-Lumoko kanposantuan lurperatuta zeudela. Soldadu errepubilkar gehienak Loiola, Amaiur, Itxarkundia eta Saseta batailoietako kideak ziren.
Inolako aitortza eta errekonozimendurik jaso gabe egon dira orain arte, eta zapatuko ekitaldiaren helburua gudarien historia ahaztuari eutsi, eta gizarteratzea, plazaratzea dela zehaztu zuen Gipuzkoako ahaldun nagusiak: «Gaur arte haien bizipenak, istorioak eta zendu ostean haiekin gertaturikoa ere lurpean egon dira. Lur azpian egon da herri honen iraganeko pasarte hau 80 urtez. Zigor gehigarria ezarri nahi izan zien frankismoak hemen lurperatutako 82 euskal gazte hauei: euren memoria ezabatzea. Inoiz existitu ez balira bezala. Askatasunaren eta demokraziaren alde borrokatzeagatik hil ez balira bezala».
Bi plaka
Soldadu errepublikar haien izen-abizenekin osatutako bi plaka jarri zituzten Zalloko hilerrian, eta Olanoren berbetan, iragana «ezabatzeko» ahaleginean frankistek «porrot egin» zutela adierazten dute.
Gipuzkoako ahaldun nagusiak Julian Lejarraga Zalloko hilerriko behargina izan zuen gogoan. Izan ere, zapatuan omendu zituzten 82 gudarien eta gerraostean Gernikako ospitale militarrean hiltzen utzi zituzten 270 soldadu errepublikarren gorpuak hilobietatik ateratzeko agindua eman zuen Gernikako alkate frankistak 1947an, eta Lejarragak ez zuen agindua bete. «Hark ekidin zuen historia ahanzturaren ozeanoan galtzea. Hilobi komun batean sartu zituen, eta euren memoria gorde. Gizon honen ardurari esker, pasarte hauen argiek piztuta jarraitu zuten frankismoaren iluntasunean. Hari zor diogu gaur zapatua hemen egotea, bai eta iraganeko historia ezkutuak lurpetik ateratzea xede duten Erkibe Kultur Elkartearen eta Gernikazarra elkartearen lanari ere».
Omendutako 82 gudarien hainbat senitartekogaz batera, euskal erakunde eta elkarte desberdinen ordezkariek parte hartu zuten Zalloko ekitaldian. Besteak beste, Gipuzkoako zein Bizkaiko Batzar Nagusietako kide- ak, Gipuzkoako hainbat alkate, Gernika-Lumoko udal ordezkariak eta Gernikazarra, Gernika Gogoratuz eta Bakearen Museoko ordezkariak batu ziren ekitaldian. Horiek guztiek kanposantuan lurperatutako gudariei lore eskaintza egin zieten omenaldiaren amaieran.
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak 36ko gerran zein frankismoan eraildako askoren familiek oraindik haien arbasoen gorpuzkiak aurkitu ez izana gogora ekarri zuen.
Azaldu zuenez, hainbat urteren ostean, oraindik aurkitu gabeko senideen ondorengoek ez dakite nora eroan haientzat gordeta dituzten loreak. «Hori entzutea gogorra da, zer esan horren aurrean. Zorionak eta eskerrak eman nahi dizkiet memoria historikoa gogorarazten eta ateratzen laguntzen diguten guztiei, eta aldarrikapena egin lan horretan segitzeko. Oso garrantzitsua da Euskal Herriarentzat. Gudariei eta haien ondorengoei zor diegu. Hainbat herritako gudariek bat egin zuten Gernikan Euskadi defendatzeko, demokrazia eta askatasuna defendatzeko. Horrelako omenaldiak eta keinuak seguruenik txikiak izango dira, baina orain, behintzat, badakigu loreak non jarri».
Iragana landu beharra
Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak esan zuen iragana landu behar dela oraina eraldatzeko. «Biktimek, haien familiek eta gizarteak eskubide urraketei buruzko egia ezagutzeko eskubidea daukate. Egia argitzea da berriro ez gertatzeko bide bakarra».
Alkatearen berbetan, bidegabekeria «krudelak» edota giza eskubiden urraketak ez errepikatzea ez da nahikoa; horren harira, «egiturazko eraldaketak» beharrezkoak direla adierazi zuen: «Ezinbestekoa da erakunde eta indar objektiboak egotea, alderdi politikoekiko independenteak egotea».