Mundakako Udalak
oinezkoei lehentasuna emango die
herriko erdigunean. Horretarako,
zirkulazioa berrantolatuko dutela jakinarazi dute. Herria «
iriste errazagoa eta atseginagoa» egin gura du udalak, eta, era berean,
ingurumenaren alde egin gura dutela adierazi dute.
Florentino Larrinaga kalea
Mundakako eskola eta Talaia arteko gunea umeek asko erabiltzen duten gunea dela kontuan izanik, ibilgailuak murriztu gura dituzte. Hala, Goiko kaletik plazara doan
Florentino Larrinaga kalea auzokoen baimendutako ibilgailuek bakarrik erabili ahalko dute; gainontzekoek ezingo dute handik ibili.
Bestalde, Talaia parkearen aurreko gunearen eta Itxaropena kalearen zati batean oinezkoek edukiko dute lehentasuna, eta ibilgailuek 10 kilometro orduko abiaduran ibili beharko dute gune horretatik.
Kasino aurreko aparkalekuan ere aldaketak egingo dituzte.
Zamalanetarako gune bat egingo dutela azaldu dute udal arduradunek.
Baimenduetako ibilgailuentzako aparkaleku bat ere jarriko dutela diote, udaltzaingoentzat edota udaleko ibilgailuentzat.
Edukiontziak lekualdatu. Gainera, umeek ikuspegi hobea izan dezaten eta istripuak saihestu aldera, edukiontziak lekuz aldatuko dituzte, eta Kasino azpiko aparkalekura eroango dituzte.
Mundakako alkate Aitor Egurrolaren arabera, «Mundaka bezalako herri batean zirkulazioa erdigunean mantentzeak herriko bizi kalitatea murrizten du». Herrirako duten estrategiaren aurka doala dio, gainera; izan ere, «helburu iraunkorrak dituzte, eta inguru naturalagaz arduratuta daude». Gainera, Talaia inguruak eta udaletxeko plazak herriko bizitza soziala eta ekintza sozio-kulturalak batzen dituela esan du, Mundakako familiek zein bisitariek erabiltzen dituzten guneak direla nabarmen- duta. Horregatik guztiagatik erabaki dute zirkulazioaren eraginak arintzeko neurriak hartzea.