Lau hamarkadatan bermeotarren artean esku pilota zabaltzen
1976.urteko udan sortu zuten Artza Pilota Elkartea, eta ordutik herritar asko pasatu dira bertatik. Esku pilotan jokatzen ikasiz, zaletasuna barneratu dute askok eta askok elkarteari esker.
Hain zuzen, elkarteko kideek herrian pilota zaletasuna zabaltzea izan dute helburu sorreratik. Zeregin horretan ahalegin eta lan garrantzitsua burutzen dute urte guztian zehar, eta hurrengo ikasturterako esku pilotagaz batera, pala eta frontenis ikastaroak eskaintzeko asmoa dute.
Artza Pilota Elkartearen ordezkariek udalerriko ume eta gaztetxoak Artza frontoira hurbiltzera animatu dituzte, esku pilota gertutik ezagutu eta probatzeko.
Gaur egun 56 pilotari dituzte elkartean, eta neska batzuk badaude ere, gehienak mutilak dira. Horregatik, bereziki neskei frontoira hurbiltzeko animatzeko deia luzatu diete.
“Esku pilota guztiontzako kirola da, eta garrantzitsua da Bermeon zaletasuna mantentzea. Horretarako ezinbestekoa da belaunaldi berriak kirol hau egitera animatzea”, azpimarratu dute.
Aipatu 56 ikasleetatik, benjamin kategorian 12 kide daude, 8 alebinetan, 11 infantiletan, 9 kadeteetan, 5 jubeniletan eta 11 seniorretan.
Hiru entrenatzailegaz osaturiko lan taldeagaz, astelehenetik barikura alde teknikoa lantzen dute frontoian. Era berean, Eleizalde Ikastolan eta San Frantzisko Ikastetxean eskolaz kanpoko ekintzen barruan esku pilota ikastaroak ematen dituzte, eta datorren ikasturtean Sagrado Corazon Ikastetxean ere eskaintzea aurreikusi dute.
Gainera, Bermeoko Udalaren eta Bermeoko jai batzordearen laguntzagaz, Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan bi esku pilota jaialdi antolatzen ditu. Horietan Axpe eta Asergace enpresetako pilotari profesionalen jokoaz gozatzeko aukera izaten dute herriko zein inguruetako herrietako pilota zaleek.
Era berean, Bizkaiko Pilota Federazioarekin batera bi ekimen antolatzen ditu irailean.
Artza Pilota Elkarteko ume eta gaztetxoek honako txapelketetan parte hartzen dute: Eskuz Banakako Bizkaiko Eskolarteko Txapelketan, Eskuz Binakako Bizkaiko Eskolarteko Txapelketan, Kluben arteko Bizkaiko Txapelketa (eskuz banaka, eskuz binaka eta palan, gomazko pilotagaz), Trinketeko Bizkaiko Txapelketan, Cup Bizkaia Txapelketan (Eskuz binaka eta palan, gomazko pilotagaz), Herri arteko Txapelketan, esku pilotako Open Bizkaian eta Cafe Baque Txapelketan.