2017-2018 denboraldia amaituta, jai giroan elkarrekin batuko dira zapatuko
Urdaibai Eskubaloi Egunean. Taldeko ordezkariek esan dutenez, 425 bat pertsona elkartuko dira.
“Ikasturte amaieran bazkide, guraso, ume eta kide denok batzen gara, eta giro ederra izaten dugu. Klubeko kideok elkartzen gara, baina nahi duenak etorri al du. Eskubaloia edota kluba ezagutzen ez dutenek gure arteko kiroa ezagutzeko aukera ona da”, azaldu dute Urdaibai ETko kideek.
Eguna hasteko
mendi ibilaldia burutuko dute Bermeotik irten eta Mundakaraino. Lamerako Kioskotik irten, eta Sarre eta Demiku pasatuta helduko dira Mundakako Santa Katalina ingurura.
Heltzean hamaiketakoa prest izango dute indarrak hartzeko. Gero, bazkalordura bitartean, puzgarrietan jolasten, zumba dantzatzen, bainua hartzen edota trikipoteoan kantatzen aritzeko aukera izango Urdaibai ETko ume, gaztetxo, guraso, bazkide zein gainontzeko kideek.
15:00etan izango da herri bazkaria, eta arratsaldean ere askotariko doinu arten murgilduko dira. Bingoan jokatuz, eta karaokean kantatuz igaroko dute arratsaldea. Era berean, urtero legez jokalari batzuk sarituko dituzte, denboraldian zehar egindako lanagatik. “Ume mailetan denei ematen diegu oroigarriren bat, eta benjamin mailatik gorakoen kasuan, talde bakoitzeko entrenatzaile bakoitzak aukeratzen du zein izan den jokalari iraunkorrena edota taldekideen artean giro ona sortu duena”
Jaia borobiltzeko Mundakako, Euskal Herriko zein nazioarteko kantak abestuz amaituko dute eguna.
EGITARAUA:
- 10:00. Mendi ibilbidea: Bermeo-Sarre-Demiku-Mundaka.
- 11:00. Hamaiketako eta puzgarriak.
- 12:00. Zumba denontzat.
- 13:00. Bainua.
- 13:30. Trikipoteoa.
- 15:00. Herri bazkaria.
- 17:00. Sarien banaketa.
- 18:00. Bingoa eta karaokea.
- 20:00. Herriko eta nazioarteko kantak eta jai amaiera.