Eusko Ikaskuntzak eta Bermeoko Udalak elkarlanean, Bermeoren altxorrak erakusteko bideo labur bat egin dute, eta gaur aurkeztu dute prentsaurreko batean.
Minutu eta erdiko bideo horren helburua, «ikusten duten pertsona guztiei Bermeora etortzeko gogoa piztea» dela esan du Irune Ormaetxea turismo zinegotziak.
Drone batekin egindako bideo horretan, Bermeok dituen altxor guztiak erakutsi gura izan dituztela dio Ormaetxeak, hainbat ikuspuntutik: paisaia, kultura, gastronomia, gizartea… Hala, itsasoa protagonista berezia bilakatzen den bideoan, Bermeoren xarma erakusten dute, «pertsona guztiei gure herrian gozatzeko dituzten aukeren berri emanez, modu erakargarri batean».
Gaztelugatxeko San Juanen hasten da bideoa, eta, ondoren, herriko toki eder eta esanguratsuak erakusten ditu: Matxitxako, Tala, portua, Sanjuanportale, Torrontero, Izaro, Lamera, Talape, Aita Guria baleontzia, Arrantzaleen Museoa…Horiez gain, herriko artelanak ere ikus daitezke, bai eta arrantzaleak, kontserba enpresak, azoka eta kalitatezko produktuak. Herriko jaiek ere badute bere lekua gaur aurkeztu duten bideoan.
Azaldu dutenez, udalaren webgunean (
www.bermeo.eus) eta udalaren sare sozialen bidez zabalduko dute bideoa. Hemen bideoa ikusgai:
Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean, udalak Bermeoren historia kontatzen duten
bederatzi panel jarri zituen herriko toki esanguratsuenetan. Horietako seitan, gainera,
bideo laburrak ikus daitezke QR bidez.