Bermeoko alkateordeak aldundiaren «desleialtasuna» salatu du
Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio Sailak Bermeotik Bilbora Sollubetik doan Bizkaibuseko A3527 linean zuzeneko autobus bat gehitzeko konpromisoa hartu duela jakin ondoren, Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateordeak aldundiaren jarrera salatu gura izan du. Aldundiak «erakundeen arteko desleialtasun argia erakutsi» duela dio.
Ibarrolazaren arabera, «orain dela egun batzuk bermeotarrek eta udalak Bizkaibus zerbitzua hobetzeko egindako eskaerari ezezko borobila eman zigun aldundiak. Gure herrian garraio publikoaren eskaintza handia dela argudiatuta eman zigun ezetza, inolako neurririk proposatu barik. Orain, komunikabideen bidez, alderdi politiko batek jakinarazi du aldundiak 07:20an autobus bat gehiago jarriko duela».
Modu horretan, aldundiak «herritarren beharrizanei erantzun beharrean, interes alderdikoiak lehenetsi» dituela salatu du Bermeoko alkateordeak.
Behin baino gehiagotan. Ibarrolazak gogorarazi duenez, udalak behin baino gehiagotan eskatu dio aldundiari, aurrez-aurreko bileretan zein idatziz, garraio publikoaren eskaintza hobetzeko, «eta erantzuna ezezkoa izan da beti». Hortaz, bere esanetan, «Bizkaiko Foru Aldundiak herritarren eta udalaren eskaerei, inolako aukerarik eskaini gabe, uko egin, eta, ondoren, atzeko atetik, Bermeoko Eusko Alderdi Jeltzaleari (EAJ) gutxieneko kontzesio bat eman dio, domina txiki bat jarri ahal izateko».
Foru aldundiaren jarrera «irrigarria» izan dela dio: «lotsagarria eta joko politiko zikina». Ibarrolazaren ustez, «erakunde publikoek, ordezkatzen dituzten herritarren interesak defendatu behar dituzte, eta, ez, alderdi politikoen interesak».
Azalpenak eskatzeko, udalak batzar bat eskatuko dio aldundiko Garraio Sailari. Horrez gain, batzar horretan, Bizkaibus hobetzeko bermeotarrek egindako eskaria egingo diote berriro ere, hau da, Bilbora Sollubetik doan autobusak ordu erdiroko zerbitzua eskaintzea. Beste hobekuntza batzuk ere eskatuko dituztela dio, besteak beste, «Bermeotik Bakiora joateko, autobusa jartzea udaberrian, neguan eta udazkenean, Gaztelugatxetik igarota».