Aimar Cidek eta Ion Etxanizek ez dute Gernikan segituko
Gernika-Lumoko klubak taldean egin duten lanagatik eskerrak eman dizkie bi jokalariei. Etxanizek Pontevedran jokatuko du hurrengo denboraldian.
Cidek gaur sare sozialetan zabaldu duen gutunean azaldu duenez, azken hilabeteetan entrenatzailearen “konfiantza gutxitzen” joan da, eta ez da hurrengo denboraldirako “haren planetan sartzen”.
“Bizi izandako guztia atzean utzita triste noa, baina oso harro, talde eta herriagatik dena eman eta gero”. Hala, taldekideei, zuzendaritzako kideei, afizioari, familiari eta lagunei eskerrak eman dizkie.
Azken zazpi denboraldietan 204 partida jokatuta, klubaren historian beren lekua du gernikarrak. Izan ere, 63 golekin taldearen historiako goleatzaile nagusienaren errekorra lortu du.
2.B mailara igotzea lortuta, klubaren historia markatu duen momentu garrantzitsuenetako baten parte izateagatik pozik dago, baina batez ere klubak gehien behar izan duenean, denboraldi zailenean, lagundu ahal izateagatik harro dagoela nabarmendu du. “Baliteke airez aldatzeko ordua heldu izana; ez dakit bizitzako beste arlo batzuetan jardunez botak eskegi, edota berriro ere aurten galdu dudan ilusioa piztu ahal didan proiektu batera lotuko naizen. Baina beti izan naiz eta izango naiz Gernika Klubekoa”.
Etxabek eta Abaroak beste urte bete
Bestalde, Imanol Etxabek eta Mikel Abaroak beste urte batez taldean jarraituko dute. Abaroak bi urterako kontratua sinatu zuen iaz klubagaz. Etxabek, berriz, urte beterako akordioa lortu du, eta bederatzigarren denboraldia beteko du Gernikan.
Futbola utzita, Endika Bordas klubeko idazkari teknikoa izango da.