Euskal instituzioen legezkotasuna lehenestea nahi du Gure Esku Dago-k
Herri dinamikak Bilbon egindako ekitaldia jendetsua izan da. Herritarron Ituna aurkezteaz batera, herritarrek egindakoagaz «harro» daudela esan dute ordezkariekMilaka herritar batu ziren zapatuan Bilbon, Gure Esku Dago-k deituta. Galdera ikur erraldo...
Herri dinamikak Bilbon egindako ekitaldia jendetsua izan da. Herritarron Ituna aurkezteaz batera, herritarrek egindakoagaz «harro» daudela esan dute ordezkariek
Milaka herritar batu ziren zapatuan Bilbon, Gure Esku Dago-k deituta. Galdera ikur erraldoia osatzeaz batera, Herritarron Ituna aurkeztu zuten herri dinamikaren bozeramaileek. Horretan, hain zuzen ere, «Euskal Herriko erakundeetatik sortutako legalitateari lehentasuna» ematea proposatu du Gure Esku Dago-k.Espainiako Estatuak ez du ahalbidetzen mugarik gabeko erreferendumik egitea, eta dinamika hori hausteko eta prozesuan aurrera egin ahal izateko tokian-tokiko legedia egitea eta baliatzea nahi du herri dinamikak ere.
Galdeketa herritarren «borondate demokratikoari aurretiko mugarik jarri gabe» gauzatu behar dela dio itunak. «Tresna instituzionalak ditugu hori bideratzeko. Erakunde horien muga bakarra herritarron borondatea da, edozein dela azken hautua».
Orain dela lau urte sortu zuten erabakitzeko eskubidearen aldeko herri dinamika, eta harrez gero egindako lana nabarmendu zuten zapatuan Angel Oiarbide eta Zelai Nikolas Gure Esku Dago-ren kideek. Herritarrek egindakoagaz «harro» daudela esan eta «kultura politiko berria» pizten ari dela uste dutela esan zuten.