58 familia oraindik etxeetara ezin itzulita daude
San Ignazio kaleko 58 familia daude oraindik etxera itzuli ezinik, eta beraz, hilero bezala pairatzen ari diren egoera salatzeko, elkarretaratzea egin zuten zapatuan kaltetuek. Kalean bertan batu ziren; itxita dauden atarien aurrean elkartu ziren, araz...
Gestorako kideek jakitera eman zutenez, 58 familia horien etxebizitzak ikusten dabiltza, eta gauza guztiak ondo joanez gero, baliteke beste bi ataritako bizilagunek etxebizitzetara itzultzeko aukera izatea. Hala ere, ezer ziurrik ez dagoela azaldu zuten. «Prozesu guzti honek erakutsi digu txarto joan ahal diren gauza gehienak txarto joaten direla, mendia izan ezik. Mendiak erantzun du hobetoen, baina diru kontuak eta epeak txarto joan dira».
Bestalde, 40B, 40 C, 42 A eta 42 B atariek itzulera datarik gabe jarraitzen dutela nabarmendu zuten: «Gauza guztiak ondo joanez gero, finantziazioa lortuz gero, eta teknikoek udazkenean obra hasteko moduan dagoela ikusi eta etxeetara joateko baimena emanda ere, etxeak ikusten eta aztertzen ari diren arkitekto teknikoek esaten dute lau atarik ez dutela bizigarritasunik, eskailerak ikututa dituztelako. Beraz, eskailerak konpontzen ez diren bitartean, etxeak osorik dituztenak ere ezin izango dira euren etxebizitzetara bizitzera joan».
Horrez gain, etxebizitzak nork konpondu behar dituen ere ez dakitela nabarmendu dute Saiñazio gestorakoek. «Aspalditik ari gara udalagaz, erreklamazioak eta eginda daude, eta udalak ordaindu beharko dituela uste dugu, baina oraindik ez dago legez ezer eginda gure etxeak udalak ala dagozkionak konpontzeko». Bide administratibo horiek eta diru iturriak konpondu bitartean beraz, lau atari horietako familiak etxeetara itzultzeko epe barik egongo direla ikusten dute gestorako kideek.