IV. MDK Swim Itsas Lasterketa lehiatuko dute domeka eguerdian
Lehenengoz, proba solidarioa izango da; Deporte sin barreras fundazioari 1.500 euroko laguntza emango diote. 400 bat igerilarik lehiatuko dute proba, lau kategoriatan banatutaMDK Swim Itsas Lasterketa lehiatuko dute laugarren urtez jarraian Bermeo eta ...
Lehenengoz, proba solidarioa izango da; Deporte sin barreras fundazioari 1.500 euroko laguntza emango diote. 400 bat igerilarik lehiatuko dute proba, lau kategoriatan banatuta
MDK Swim Itsas Lasterketa lehiatuko dute laugarren urtez jarraian Bermeo eta Mundaka artean. Domekan 12:00etan Bermeoko porturik irtengo dira igerilariak, 2.500 metroko itsas zeharkaldia burutzeko.Lasterketa lehiatuko duten faboritoen artean daude iazko irabazle Adnan Mustafic sopelarra eta 2014ko irabazle Magdalena Musons barakaldarra.
Aurten, lehenengoz, proba solidarioa izango da. Hain zuzen ere, Deporte sin barreras fundaziora bideratuko dute izen emateetatik lortzen duten diruaren zati bat. Zehatz esateko, izen emate bakoitzetik 5 euro emango dizkiote, beraz, 1.500 euro. Sarik banaketa ekitaldian emango diete txekea fundazioko ordezkariei. Aipatu fundazioak menpekotasun fisiko edota psikologikoak dituzten pertsonek kirola praktikatzeko aukera izan dezaten lan egiten du.
Aurtengo probak aurreikuspen guztiak gainditu ditu dagoeneko. Izan ere, otsailaren 15ean 08:00etan ireki zuten izen ematea, eta 9 minutuan leku guztiak (300) bete ziren.
Guztira, ia 400 igerilarik lehituko dute zeharkaldia. «Gonbidapenentzat eta babesleen konpromisoentzat uzten ditugu leku batzuk, eta guztira 380-400 igerilarik parte hartuko dute», zehaztu dute antolatzaileek.
Beste urte batez, lau kategoria egongo dira: gizonezkoak neoprenoagaz, emakumezkoak neoprenoagaz, gizonezkoak neoprenorik barik eta emakumezkoak neoprenorik barik.
Sariak eta zozketak
Kategoria bakoitzeko lehenengo hirurak sarituko dituzte, eta halaber, lehenengo mundakarrak edo bermeotarrak ere saria jasoko du. Babesleek utzitako zenbait material ere zozkatuko dituzte parte hartzaileen artean: neoprenoak, eguzkitako zein igeriketarako betaurrekoak, toallak eta Tomtom erlojuak, esate baterako.
Antolatzaileek babesleen eta Mundakako eta Bermeoko Udalen zein herritarren laguntza eskertu eta nabarmendu dute: «80 bat kolaboratzaile edo boluntario izango ditugu. Herritarren laguntza hori da proba egitea posible egiten duena».