Udaletxea berreskuratzeko bigarren faseko lanak esleituko ditu udalak
Egitura birgaitu eta estalkia itxiko dute, eraikina ondo itxita geratzeko. Lanak 2018ko udarako amaitzea aurreikusi dute. Erakundeen laguntza «beharrezkoa» dela dio udalakBermeoko Udalak 2013. urteko Alde Zaharreko sutearen ondorioz kaltetutako Berme...
Egitura birgaitu eta estalkia itxiko dute, eraikina ondo itxita geratzeko. Lanak 2018ko udarako amaitzea aurreikusi dute. Erakundeen laguntza «beharrezkoa» dela dio udalak
Bermeoko Udalak 2013. urteko Alde Zaharreko sutearen ondorioz kaltetutako Bermeoko udaletxeko eraikina berreskuratzeko lanen bigarren faseko obrak esleitzeko deialdia zabaldu du. Azaldu dutenez, esleipena prozedura irekiaren bidez egingo dute.Bigarren fasean, eraikinaren egitura birgaituko da, eta estalkia itxiko da. Horrela, eraikina ondo itxita eta babestuta geldituko da. Era berean, jakinarazi dutenez, baldintzak ezarriko dituzte «falta izango litzatekeen azken esku hartzea egiteko». Bigarren faseko lanak 2018. urteko udarako amaituta egotea gurako lukete. Kontratuaren prezioa 494.754,61 eurokoa izango da, BEZ barne. Proposamenak ekainaren 28ra arte aurkeztu ahalko dira Berhaz bulegoan.
Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek esandakoaren arabera, bigarren fase horretako lanen %30 inguru, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailak emandako 150.000 euroekin finantzatuko da. Bigarren fasearen gainerakoa udalak finantzatuko lukeela dio. Hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritzagaz eta Bizkaiko Foru Aldundiagaz harremanetan daudela azaldu du, finantziazio gehiago lortu asmoz.
Bidegurenek gogorarazi duenez, udaletxea berreraikitzeko lanen kostu osoa 1,2 milioi euro ingurukoa da. Hala, erakundeen laguntza «beharrezkoa» dela nabarmendu du.
2013ko apirileko Alde Zaharreko suteak, Bizkaiko azken 30 urteetako suterik larrienak, kalte garrantzitsuak sortu zituen Bermeoko Alde Zaharrean, eta, batez ere, Nardiz Tar Jon kalean. Eraikin asko kaltetuta geratu ziren, horien artean Bermeoko udaletxea. Bermeoko udaletxean zeuden zerbitzu guztiak, hortaz, 2013ko suteaz geroztik, Gizarte eta Kultura Etxean kokatuta daude: idazkaritza, alkatetza, euskara saila, langileria eta jakinarazleak.
«Ezinbestekoa»
2015. urteko martxoan abiarazi zituzten udaletxea berreskuratzeko lanak. Eraikina hustu zuten, eta egitura berriaren lehen faseko lanak egin zituzten. Lan horiek aseguruaren eta Bizkaiko Foru Aldundiak aurreikusi gabeko gastuen ataletik emandako diruagaz finantzatu zituzten.
Udaletxea Bermeoko eraikin «garrantzitsuenetarikoa» dela gogorarazi du alkateak, «bere ondare balioagatik Kultur Ondasun gisa Monumentu izendapenaz sailkatuta baitago, eta herritarrentzat toki adierazgarria delako». Hori guztiori kontuan izanda, bere esanetan, «ezinbestekoa» da berreskuratzea eta martxan jartzea. Alde Zaharraren bihotzean egonik, Alde Zaharra biziberritzeko «funtsezkoa» dela uste du.