Koalizioak salatu du kanpo kontratazioetan udalak hiru milioi euro "xahutzen" dituela
Kritika politikotik harago, udalak egiten dituen kanpo kontratazioetan kudeaketa egokiagoa egiteko kanpaina hasi du Gernika-Lumoko EH Bilduk. Goizean emandako prentsaurrekoan azaldu dutenez, 2016an bere funtzionamendurako udalak erabili izan dituen kanpo zerbitzuak eta hornidurak aztertu dituzte; hain zuzen, etenik barik eta modu iraunkorrean erabiltzen dituen zerbitzuak dira aztertu dituztenak. Txostena ere prestatu dute, eta horren kopiak udal kudeaketaren arduradunen esku utziko dituztela esan du koalizioak.
EH Bilduren esanetan, inolako lizitazio prozedurarik barik, udalak 53 enpresarekin egin zuen iaz lanen bat egiteko kontratua. “Alde ekonomikotik kuantifikatuta, 3.073.624,83 eurora heltzen da kontraturik barik gastatzen dena”, Irati Bidaurretak esan duenez. Halaber, zenbait adibide aipatu ditu EH Bilduren zinegotziak: “TAO zerbitzuak ez du kontraturik 2011. urteaz geroztik, eta egunean-egunean zorra pilatzen doa”. Gai horri buruz udal gobernuari galdetu arren, erantzunik ez dutela jaso salatu du Bidaurretak, eta zerbitzu horrek dagoeneko milioi bat euroko zorra daukala gogorarazi du.
Aterpetxearen egoera ere kritikatu du EH Bilduk. Bideragarritasun azterketa egin asmoz, aterpetxearen kudeaketa ere egingo zuen pertsona bat kontratatu eta 21.780 euro bideratu zituen udalak. Kontratua amaitu, eta ordutik aterpetxearen kudeaketa “modu irregularrean” egiten dela salatu dute.
%30 garestiago. Gastu arruntei dagokienez, estrukturalak diren, ezinbestean behar diren eta legez kontratuz hartu beharko liratekeen zerbitzu asko udalak modu irregularrean kudeatzen dituela salatu dute. Komunikazio zerbitzua, igogailuen mantenu zerbitzua, telefono eta Internet zerbitzuak, belarra mozteko zerbitzua, aseguru polizak, eta argiteria aipatu ditu koalizioak, eta esan duenez, “udealaren erantzukizuna da baliabideen kudeaketa arduratsua egitea, eta baliabideak optimizatzea; hau da, diruaren kudeaketaz arduratzea eta eskaintzak jaso eta aztertzea, zerbitzurik onena eskaintzen duena aukeratzeko”. Legea bete egin behar dela esan du EH Bilduk, eta hori egin ezean bataz beste, zerbitzu horien prezioa %30 garestiago ordaintzen duela udalak.
Gauzak horrela, udal kudeaketaren gastu okerra salatzeaz gain, EH Bilduk esan du herritarrak informatzen eta erabilera zuzenagoa egiteko bitartekoak jartzen lagundu gura duela. “Gure asmoa ez da aurkari politikoak zirikatzea, ez gara mugatuko oposizioari kritika politikoa egitera. Salaketa egiteaz gain, udalaren kudeaketa eredua berritu nahi dugu, gardentasunaren, zuzentasunaren, berdintasunaren kriterioak ezarriz”, esan du Jon Argintxonak. Udalarenak baizik, baliabideak herriarenak direla esan du EH Bildukoak, eta modu eraginkorrean erabili behar direla, bai alde ekonomikotik zein sozialetik.