Kamiñazpi auzoko parkearen aurreproiektua aurkeztu dute
Herritarrek parte hartze prozesuan adostu dituzten proposamenen aurkezpen teknikoa egin dute. 250.ooo euro inguruko aurrekontua aurreikusten da lanetarakoOndarroako Udalak Kamiñazpi auzoko parkea eraberritzeko herritarrekin egindako parte hartze proze...
Herritarrek parte hartze prozesuan adostu dituzten proposamenen aurkezpen teknikoa egin dute. 250.ooo euro inguruko aurrekontua aurreikusten da lanetarako
Ondarroako Udalak Kamiñazpi auzoko parkea eraberritzeko herritarrekin egindako parte hartze prozesuaren ibilbidea eta emaitzak bistaratu zituzten atzo arratsaldean.Argi utzi nahi izan zuten, atzo aurkeztutakoa ez zela izan behin betiko proiektua, baizik eta parte hartze prozesuaren baitan adostasuna lortutako gaien plangintza teknikoa. Kamiñazpiko parkeko lanak faseka egingo direla nabarmendu zuten, eta aurrekontu jakin bat ez izan arren, 250.000 euro inguruko kostua izango duten lanak egitea aurreikusi dutela parte hartze prozesuan. «Egiten ari ginenari neurria jartzeko ipini zen kopuru hori», azaldu zuen Ianire de Andresek parte hartze prozesuaren eta aurreproiektuaren arduradunak. Haren esanetan, «Udalak duen egoera ekonomikoa ikusita, ezin da proiektu osoa urte bakar batean gauzatu, beraz, proiektuaren baitan zehazki zer egingo den dagoen likideziaren araberakoa izango da».
Parte hartze prozesuan, zenbait lehentasun ezarri zituzten guraso zein umeek: lurzoruak laua izaten jarraitzea, jarlekuak eraberritzea, berdegune gehiago egotea, komunak haurrentzako ere erabilgarriak izatea, argiztapena egokitzea, erreka ingurua zaintzea eta pasealekua ikastolaren atzeraino egokitzea eta txukuntzea. Urtean parkean egiten diren beste ekintza batzuk ere kontuan hartu zituzten parte hartze prozesuan; jaiak eta San Joan suak, esaterako. Ekintza horiek ere behar bezala antolatu ahal izateko parke berriak baldintza jakin batzuk betetzea eskatu zuten. Gaineratu zuten, ziburuak zenbat eta nolakoak izan erabakitzeko denbora badagoela, eta ziburu gehiago edonoiz jarri ahalko direla, eta kontuan hartuko dituztela neska-mutil txikienek egindako ekarpenak. Azken batean, Kamiñazpiko parkeak daukan itxura zurrun eta zaharkituari itxura berritzaile eta modernoago bat eman nahi diote, egungo beharrizanetara egokituz.
Orain, proiektua idatzi behar dutenei dagokie udalak emandako aurrekontu zehatzaren, irisgarritasun legediaren parte hartze prozesuan ondorioztatutakoaren eta gainontzeko erakundeek ezarritakoaren arabera behin betiko proiektua diseinatzea. Atzo aurkeztu zutena «marrazki bat» baino ez zen, eta orain hasiko da hortik «proiektu bat sortzeko bidea».
Txakur kakak
Txakur askok berdeguneetan egiten duten kakak ere zeresana eman zuen parte hartze prozesuan. Herritarren esanetan, ez du ezertarako balioko parkean berdegune gehiago edukitzeak baldin eta txakurren kakak egonagatik ezin badaiteke bertan jarri edo jolastu.
Parkeko erabiltzaileek azpimarratu zuten gaur egun berdegune guztietan aurkitu daitezkeela txakurren kakak, eta jabeei neurriak hartzeko eskatu diete.